Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Biruskeriak alde batera utzita

Azkenaldian, bizimodua mukiz, eztulez eta buruko minez beterik daukat, soinetik kendu ezinik, eta, gainetik kendu ezin dugun osasun-errealitatearen eraginez, paranoia dezentez ere bai. Azkenean, PCRa egin dut berriro, eromenak jan ez nazan, batez ere, eta negatiboa izan da… hemen nabil, hala ere, osasun fisiko eta emozional eskasaren proban positibo itzela dakarren errealitate honi aurre egiten saiatzen.

Tarteka, ihes eginez, egia esango badut. Horretarako, fikziora jotzen dut, noski, zinemara gehienbat, eta nire azkenaldiko aukeraketetan gaur egunetik ahalik eta gehiena urruntzen ahalegintzen naiz, dena “normalagoa” zen garaietara itzultzen, istorio polit-samur-alaitsu eta, faborez, dramarik gabeak gozatzen… Komedia erromantikoak, oro har, ba al da hori baino gauza azalekoagorik, lañoagorik, inongo dramatik urrunagorik? Hala, bere garaian (aspalditxo) zapore ona utzi zidaten zenbait berrikusten ditut, orduan bezala mantapean sofan etzanda goxo asko.

Goxo asko ez naute uzten, ordea, amaitutakoan. Ezpada txunditurik, pentsatzen zer demontre nuen nik buruan duela 25 urte, istorio horietan emakumeek jasaten duten indarkeriaren (politak direlako, itsusiak direlako, argiak direlako, tuntunak direlako, pobreak direlako, aberatsak direlako, ama direlako, ama ez direlako… andrazko direlako, berdin dio zein eta nolakoa) zantzurik ere ez sumatzeko. Ezpada amorraturik, jabetuta pertsonon desiraren eta maitatzeko gaitasunaren, aukeraren edota moduaren unibertso zabalari dagokionez zein baztertzaileak eta inposatzaileak diren, eta zenbateraino baldintzatu duten, are zeharo mugatu ere, hainbat belaunaldiren amodio-ikuspegia, harreman horietan norberaren jomuga, norberaren erromantizismoaren garapena. Ezpada aski deprimiturik, ordu pare batez gaurkotasuna ahazteko saiakera xumea behin eta berriro zapuzten didatelako; izan ere, biruskeriaren kontu guztia bai, hori erabat ahantzarazten didate, ez dagoelako horren arrastorik garai hartako istorio horietan, baina bestela… ez naute batere urruntzen gaur egunetik, egun bizitzen diren drametatik. Are gehiago: emozionalki nondik datozen eta zer bide egin duten, egiten ari diren, hobeto ulertzen laguntzen didate.

Horixe positibo on bakarra, sofan, mukitsu eta eztulka mantapean: 25 urtean neureganatu eta garatu dudan ―eta nik bezalaxe hainbestek― ikuspegi kritikoa, atzera begira beti mingarri bezain aurrera begira onuragarria.