EDITORIALA

Mundu osoa txertatu ezean, luze joko du gaitzak

Munduko herrialde gehienetan ez da hasi ere egin covidaren aurkako txertaketa-kanpaina. Hori ekiditeko, Osasunaren Mundu Erakundeak txertoak modu orekatuan banatzeko Covax akordioa bultzatu zuen, baina oraindik ez du pausorik eman. Herrialde gehienek akordioarekin bat egin zuten arren, txertoen hornidura zuzenean industria farmazeutikoarekin negoziatu dute eta mekanismo horrek ez du oraindik apenas txertorik jaso. Joan den astean Covax-ek iragarri zuen otsail amaieran hasiko dela txertoak banatzen.

Testuinguru horretan, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak Munduko Merkataritza Erakundeari eskatu zion covidaren pandemiak irauten zuen bitartean txertoen patenteak askatzeko, ekoizpena ahalik eta azkarren handitu ahal izateko. Eskaera hori Indiak eta beste herrialde askok babestu dute, baita GKE ugarik ere. Joan den astean, EH Bilduk Kongresura eraman zuen eskakizuna, baina oraingoz estatu boteretsuak, AEBak, Europar Batasuna, Australia eta Britainia Handia, besteak beste, erabaki horren aurka agertu dira. Estatu horiek txertoaren garapenean diru publikoa inbertitu badute ere, orain industria farmazeutikoaren interes pribatuen defendatzaile bihurtu dira, etorkizuneko berrikuntza medikoa arriskuan jarriko den aitzakiapean. Egin dituzten kalkuluak direnak direla, gaur GARAk dakarren elkarrizketan Mugarik Gabeko Medikuen ordezkariak garbi dio: «Herrialde bakarreko burbuila immunitarioek ez dute funtzionatuko».

Duela urte batzuk Pepe Mujicak ohartarazi zuen egungo arazoek gizateria osoari eragiten diotela eta mundu mailako akordioak behar direla. «Espezie gisa pentsatu» behar dugula zioen. Zoritxarrez, badirudi bere hitz jakintsuek ez zutela oihartzunik izan egungo agintari politikoen artean. Ikuspegi labur-laburra eta norberekoia gailentzen bada, luzaroko izango dugu pandemia, bizitza asko eramango ditu eta ekonomia ez da suspertuko.