Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Neurriei neurria hartu behar, neurriz

Birusak bizi gaitu. Edo neurriek bizi gaituzte. Edo biek. Edo legeek. Edo burtsak; kolpea azken hau ere, «burtsa ala hil» hura «burtsa eta hil» bilakatu baita sarri, ziegatatik haratago. Total, ez dakit nik zerk bizi gaituen. Are gehiago, ez dakit bizi garen, osasuntsu esan gura dut. Baina demontre! Zer zaila den bizitzea oraingo garai hauetan. Zenbat gauza ez ote dugun goizean goiz irakurri behar jakiteko zer egin dezakegun, nondik-nola ibili, zein ordutan etxeratu… Azken hori ez da kezka egun osoa, gau barne, kalea aterpe dutenentzat. Kontua ez da neurriak hartzea, neurrioi zeinek neurria neurtu gobernantzan asmatu baizik. Dudazko togadunen esku utzi behar gabe, idatzizko guztiak duelako atzean eskua.

Baina bai zaila ama, benetan! Lehenengo aldiz historian, seguruenik, hurrengo belaunaldiak aurrekoak baino arazo gehiago izango ditu bizitza bizitzeko. Zaborrak inguruaren giroa zikintzen du, baina loreek ez dute zabortegia garbitzen. Ama, ama, ama! Zenbat birus inguruan oasi honetan, eta jatorrenak ganorazko txertoa noiz helduko eta zeinek ekarriko zain!

Momentuz txertaketa ofizial bakarra dago, birus ofizial bakarrari begirakoa. Eta kolpea gero! Zerrendak zerrenda, Ertzaintzari heldu zaio unea, horko beltzei ere, hots, brigada mugikorrekoei! Ezin ulertuan nago, distantzia arau-neurriek eskatu baino askoz ere handiagoa hartzen dute horiek; ez dute ba pilota botatzen urrunetik! Hori bai, armaz bota ere. Xisteraz botako balute sikiera! Xisteralari! Baheketa behintzat egingo balute corpus horretan sartu aurretiko castingean!

Tira, harira! Mugakide diren herrien arteko joan-etorriak baimendu dira, mugok Pirinioetan ez diren bitartean! Han mapa ofizialeko mugak muga oraindik. Pikutara! Hola ezin osasuntsu bizi. Eraldatzen asmatu behar, pertika-jauziaz bada ere; sarri jausi barik betiere.