EDITORIALA
EDITORIALA

Arriskua gaindituta, hausnarketa garaia da

Arriskutsuak ziren hauteskundeak independentismoarentzat. Alderdien arteko ika-mikak, eta Illaren inguruan eraikitako operazioak, gehiengo subiranista auzitan jarria zuten; baina katalanen gehiengo batek garbi esan du berriz ere bere herriaren etorkizuna erabaki nahi duela. Ez hori bakarrik, behin betiko emaitzek baieztatu beharko dute, baina, atzo gauean, independentismoak %50aren langa gainditu zuen azkenean. Abstentzio altuak erraztutako lorpena dela ezin da ahaztu, baina ez zaio garrantzirik kendu behar. Orain arte lortu gabeko mugarri preziatua zen, hemendik aurrera erreferentzia izango den marka.

Estatuaren botere guneetan pentsatu beharko dute ea Illaren operazioak merezi izan duen. PSCri eta Pedro Sanchezi mesede egiten die emaitzak, baina unionismoak ez du lortu bilatzen zuen gehiengoa, ez du botoa mobilizatu, eta independentismoak inoizko indar-korrelazio onena lortu du Kataluniako Parlamentuan. Porrota galanta izan da. Espero zutenaren kontra, erantzun politiko eta demokratikoaren eskaera modu esanguratsuan indartu da. Ez da bihar gertatuko, baina atzo bezalako gehiengoak behin eta berriz berrestea beste biderik ez dago irtenbide demokratiko hori erdiesteko. Atzerapauso izan zitekeena aurrerapauso bihurtu zuten atzo katalanistek; emaitza aprobetxatzen asmatzen badute, jakina.

Independentismoaren barruan, ERCk lortu zuen, oso gutxigatik bada ere, garaipena. Berea izan beharko da Gobernua osatzeko ekimena. Baina teknikoki, hegemoniaren borrokak berdinduta jarraitzen du Esquerra eta Junts alderdi independentista nagusien artean. Bitartean, CUPek inork gutxi esperotako emaitzak lortu zituen. PDeCat, ordea, gutxigatik ez zen sartu legebiltzarrean. Aragonesek ez du erraza izango Gobernua osatzea; besteek ere beren partetik jarri beharko dute bozen errepikapena saihestu nahi badute. Parte hartze datuak, eta Voxen emaitza kezkagarriak nahikoa izan beharko lirateke tentazio hori baztertu eta lehia elektorala, behingoz, bigarren planoan uzteko.