GARA
IRUÑEA

148 pertsona erreskatatu ditu «Aita Mari»-k Mediterraneo erdialdean

Duela astebete itsasoratu zen berriz ere «Aita Mari» eta azken 24 orduan 148 pertsona erreskatatu ditu, berau iritsi arte salbamendu ontzirik ez zuen Mediterraneoko inguru batean. «Europar Batasunaren ontziak inguru horretan egotea eskatzen dugu», errepikatu dute.

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen “Aita Mari” itsasontziak 148 migrante erreskatatu zituen atzo; horien artean, haur bat, Mediterraneo erdialdean egindako bi operaziotan.

“Aita Mari” Mediterraneoko gune horretan dagoen salbamendu ontzi bakarra da, bost hilabetez geldirik egon eta duela astebete itsasoratu eta gero.

102 migranteren lehen erreskatea Maltako uretatik gertu egin zuten, goizeko lehen orduan, egurrezko txalupetan itsasoan ordu asko igaro ondoren, erakundeak Twitter sare sozialean jakinarazi zuenez. Ostegun honetatik noraezean zebilen ontzia, Alarm Phonek, ekintzaile humanitarioek migranteen deiak jasotzen dituzten telefono linea zerbitzuak, ohartarazi duenez.

Handik ordu gutxira, euskal salbamendu ontziak beste 46 migrante erreskatatu zituen beste txalupa batean, hau ere noraezean zebilela.

Bestetik, herenegun, 56 pertsona zeramatzan ontzi bat iritsi zen Siziliako Pantelleria uhartera, eta azken 36 orduan, Libiatik eta Tunisiatik itsasoratutako beste 300 pertsona Lampedusan lehorreratu dira, Italiako hedabideek esan dutenez.

«Europar Batasunaren ontziak (Frontex) inguru horretan egotea eskatzen dugu; itsasoko salbamenduak ez luke gobernuz kanpoko erakundeen itsasontzien mende egon behar», aldarrikatu du erakundeak, urteetako eskaria errepikatuz.