FEB. 28 2021 Interview OIER ARAOLAZA ARRIETA GENEROA ETA EUSKAL DANTZAK JORRATU DITU BERE TESIAN «Gizonek eta emakumeek dantzak desberdin gorpuztu behar ditugula sinetsarazi digute» Oier Araolaza Arrieta dantzaria, kazetaria, dantza-ikertzailea eta dantza-dibulgatzailea da. Kazetaritzan eta Antropologian egin zituen ikasketak eta Euskal Herriko Unibertsitatean Mikel Laboa Katedran egin du doktoretza. Generoa eta euskal dantzak jorratu ditu bere tesian. Bertan ateratako emaitzak eta ondorioak «Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan» liburuan plazaratu ditu. GARA Dantzak ba al du generorik? Zergatik dantzatu izan dute gizonek aurreskua eta ez emakumeek? Oier Araolaza dantza ikertzaileak honen inguruko tesia bukatu berri du. Tesia egiten hasi zinenean aurkitutakoa espero zenuen? Pentsatzen nuen banekizkiela galderen erantzunak, eta niretzat politena izan da, hain zuzen ere, ikerketaren ibilbide horretan ikasi eta neuretzat behintzat argitu dudala zer izan den hor gertatu dena. Aldez aurretik pentsatzen nuenarekin zerikusi gutxi dauka. Zerk harritu zaitu gehien? Harritu nauena da batez ere betidanikotzat ditugun kontu hauek zein berriak diren. Emakumeek ez zutela aurreskua dantzatzen sinesten genuen, eta nik banekien emakumeek aurreskua dantzatu zutela. Ez nekiena zen zein berandu arte dantzatu duten emakumeek aurreskua eta, gainera, zein modu azkarrean, ikaragarrian, ez bakarrik emakumeek aurreskua dantzatzeari utzi, baizik eta gure buruari kontatu diogun gezur handi hori. Sinetsi eta guk geuk gure ondorengoei transmititu diegu. Elgoibartarra zara eta bertan hasi zinen 18 urterekin Haritz taldean dantzari. Eibarko dantza taldeko arduraduna eta dantzaria zara. Gainera, dantza.eus koordinatzen duzu. Dantzariz inguratua bizi zara. Zure tesiaren ondorioak nola jaso dira? Egon da kontra egin duenik? Ez, ez da kontrako handirik izan. Hain zuzen ere, nire inguru horrentzat egindako lana da. Umetatik aritu naiz dantzan, bai Eibarren, bai Elgoibarren, bai Donostian aritzen naiz hainbat dantza taldetan eta gure artean kezka hori sortzen zitzaigun: dantza hau neskek egin dezakete? Edo mutilena da bakarrik? Aldatu daitezke kontu hauek? Noiztik ditugu dantzak nesken eta mutilen dantza bezala bereizita? Galdera horien erantzunak eskatzen zizkidaten nire dantza lagunek, eta nire buruarentzat eta beraientzat egindako ikerketa bat da. Nolakoa izan da informazio bilaketa? Non zegoen, oso ezkutuan, oso agerian? Aitortu behar dut kontu hau orain 20 bat urte abiatu zela, eta gainera ez nuen nik abiatu, baizik eta izan dira beste ikertzaile batzuk. Horietan aitzindaria nire lagun handi bat, tolosarra, Fernando Rojo, Udaberri dantza taldeko dantzari izandakoa eta gaur egun Lizartzara inguratua. Fernandok idatzi zuen artikulu bat emakumeen eta dantzaren inguruan. Nik harriduraz irakurri nuen. Ondoren beste hainbat ikertzailek bide hori jorratu dute. Testigantzak azaleratzen joan dira. Hasieran bitxikeriak iruditzen zitzaizkigun, salbuespenak, eta salbuespen horiek pilatuz-pilatuz pentsatu nuen ordura arte ikertuta zegoena bildu eta ahal balitz barnerago joateko asmoarekin ikerketa abiatzea. Sekulako zortea izan dut nire tesi zuzendariekin, Nerea Aresti eta Leire Ituarterekin. Uste dut tesiaren parte handi bat beraiei zor diedala. Baita egunotan liburua argitaratu duen Bakarne Altonagari ere. Horiei esker ulertu egin dut zer gertatu den. Eibarren bizi zara eta badakigu han ere emakumeek pilotan toki profesionala izan zutela 1914-15 arte. Orduan debekatu egin zitzaien. Zergatik ematen da debeku hori historiaren garai horretan bai kiroletan bai dantzan? Gizarte oso bat dago oso-oso pil-pilean eta eraldaketa prozesu batean; ez bakarrik pilota edo dantzan, gizarte osoko alor guztiei eragiten die. Garai horretan gertatzen ari diren aldaketen artean badago genero ikuspegian bitasunerako bultzada oso gogor bat. Sinetsaraziko digute sortzez desberdinak garela eta desberdinak garen neurrian gure gorputzak, jarduerak, izateko moduak, ekintzak, dantzak, kirolak desberdin gorpuztu behar ditugula. Ordura arte aurreskua aurreskua zen, berdin zion zeinek dantzatu, baina momentu horretatik aurrera pentsatuko da gizonen dantza dela. Beraz, emakumeek dantzatu nahi badute, asma ditzagun haientzako dantzak. Horiek dira poxpolin edo gorularienak: arku dantzak, zinta dantzak edo sagar dantzak. Horietako batzuek gizonek ere egiten zituzten, baina hortik aurrera emakume dantza bezala kategorizatuak geratu ziren. Intuizio bat izan nuen, aspaldi. Orain dela 15 urte garbi izan nuen arku dantzak eta poxpolin dantzak asmakuntzak zirela emakumeei eskubideak mugatzeko. Gona jartzerakoan prakak janztea eragozten zielako. Genero marka horiek jantzietan ikus ditzakegu, baina gaur egungo dantza taldeetan jantzi neutroak eramateko joera dago. Nortzuk dira erresistentzia handiena jartzen dutenak? Oso barneratutako estereotipoak dira, dantzan bereziki. Bitxia da, egunerokoan galtzak emakume eta gizonek berdin janzten ditugu, baina dantzarako orduan ematen du prakak bakarrik gizonen jantzi direla eta emakumeen partetik topatzen dira zenbait erresistentzia, jarraitzen duelako dantzarako prakak kategoria maskulino barruan ulertua izaten. Badago tentsio bat eta kontraesana. Baina feminismoak zerbait erakutsi badigu da kontraesanekin bizitzen ikasi beharra daukagula eta horrelakoak kudeatzen joan beharko dugu. Nola mantendu tradizioa, nola egokitu? Niretzat tradizioa hizkuntza izango litzateke, euskara kasu honetan. Hizkuntza horretan etengabe berritzen ari gara, badaukagu nahia aurrekoengandik bereizteko, baina ez erabat. Nik tradizioak horrela bizi ditut. Gure aurreko belaunaldiek eskaini diguten komunikazio tresna bat da, baina gure egin behar dugu, egokitu, bestela ez da gurea izango, baina ezin dugu erabateko eten bat egin hurrengo katebegi izaten jarraitu nahi badugu. Zenbatetan esaten da mutilak ez direla dantzatzen, gutxiago euskaldunak badira? 5 urte arte ume denek egiten dute dantza. Zer gertatzen da hor? Guraso bezala seme-alabengan ikusi dut ibilbide hori. Gizarte bezala gertatzen ari zaiguna tragedia bat da. 4-5 urtera arte guztiak libre dantzatzen dira, barrutik sortzen zaien behar bat da eta gozatu egiten dute, baina gizarte bezala ezartzen diegu genero identitate hori, «zu mutila zara, zu neska zara», eta ikusten dute gizonek eta emakumeek nola jokatzen duten. Gizarte honetan gizon helduek ez dute dantza egiten, beraz, berehala erabakitzen dute gizon izan nahi duten neurrian ez dutela gehiago dantza egingo, hori emakumeei dagokien jarduera delako. Automutilazio bat da geure buruari egiten dioguna, dantza erauziz. Bizitza honetan kultura guztietan, munduaren historia osoan, zibilizazio guztietan egin den jarduera: dantza egitea. Behar dugu dantza egin bizitzeko, eta mutilek erauzi egiten dute beren burutik gizartearen eraginez. Larritzeko kontua eta heltzeko gaia da, lehentasunez. Me ha sorprendido qué rápido no solo las mujeres han dejado de bailar el aurresku, sino ese gran... que nos hemos contado a nosotros mismos. Hasta los 5 años todos los niños bailan libres, pero los hombres adultos no bailan, así que deciden que en la medida en que quieran ser hombres ya no bailarán.