Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Denbora lekuko

Kostatik dator notizia. Antxoa denboraldia da hasia, kostan behinik behin. Zorionekoak, antxoak, ez dute distantzia mantendu behar! Taldean doaz, lau baino gehiagokoan, hori bai, azkenean sarean harrapatuak izateko arriskuan. Eta saretik platerera, merkatuaren ibilbide txirikordatutik igarota, gehienetan. Bai geroa antxoena, Nafarroan ere!

Baina bada, izan, kostatik datorren gehiagorik ere. Horra, gabarra! Gabarraren denboraldia, omen, aurtengoa! Eta hauxe kolpea, kantak engainatuak izan ginen umetan, gabarra “por el Nervión” jaitsi ez, baizik eta Ibaizabaletik igoko!

Igotzekotan, betiere, zuhurtzia eskatu baitu Ajuriaeneko maizterrak. Eta, ezin uka, zuhurtzian aditua dela bera, Gernikako Estatutua froga! Amen! Kontuak atera, banku handitik behintzat, ez zen ba Job bera izan alderditik alde egin zuena haserreak asaldatuta? Ama, ama, hamaika (telebista) ikusteko gara! Zer pentsa, osterantzean, beheko Estatuko hiriburuko orube batean lehengo egunean aurkeztu zuten zapalgailu panpox berri horretaz? Zer pentsa, e? Arma zaharrak zapaltzeko traste berria. Nonon entzun dudanez, NATO bera holako hainbat mila zapalgailu erostekotan da, bere armategietarako. Badakizu, gaurko armak txertoak dira!

Eta txertoez ari naizenez, Osakidetzatik deitzen ez didatenez (ehun urtez gorako batzuen bila ari dira Aneto bueltan), edo harrapatu behintzat ez nautenez egin (agian komunean nintzen), bada, txertoa emirerriren batean hartzekotan naizela. Gaia aldatuta, txundituta beste zirraratuta utzi nau ikusteak familia batzuek zer gaitasun emozional duten dispertsioari aurre egin eta hain urrunera joateko aitarekin bisean bis arin bat izateko. Haiena bai oasia!

Gutxi ginen eta arroka-ama gasez haurdun! Gasak ekarriko al du Jainkoaren alderdian pentsamolde arrakala? Gas-kide eta gas-zale, nor baino nor? Denbora lekuko.