MAR. 08 2021 ZIRIKAZAN Banoa Josebe EGIA Banoa kalera, egunero baino berezikiago, gaur misio jakin bat dut eta: Emakumeen Nazioarteko Egun hau ez joatea jendartearen kontzientzia paretik aurreko urteotan baino apalago. Bestela esanda, azken urtebeteko pandemiaren inguruko zurrunbiloak, zarata horrek guztiak, ez dezala lortu hutseratzea andre guzti eta bakoitzaren premiak, aldarrikapenak eta eskubideak urtean behin bada ere beste guztiaren gainetik nabarmentzeko balio digun egun berezi hau. Honela ere esan dezaket, eta esan nahi dut: mundu-mailako pandemiaren aterkipea politika zaharkitu bezain baztertzaileak salbatzeko edo sendotzeko ustiatzen ari direnek gaur ez bereganatzea inolako garaipen-tantorik eta, beste behin, matxismoa kontrako eztarritik behera sentitzea. Banoa, zapi eta maskara moreak soinean, babes eta arma, misiokideekin bat egitera, baita aldarrikapenerako eta harrotasuna agertzeko leihoak, balkoiak zein establezimenduetako ateak aukeratu dituzten horiekin ere, nork bere erara feminismo guztien, feminista ororen, zerizana eta eginkizuna gaur ere gauzatzera: emakumeok* merezi dugun lekua izan dezagun, leku hori hartu, konplexuz beterik eskean baino ez ibili barik; emakumeok* jaio bezain laster gizonen maila berean izan beharko genituzkeen, baina ez ditugun, eskubideak eta aukerak benetan parekatu eta bermatu arte, berdintasun hori oztopatzen duten guzti-guztiak –entitate, egitura edo norbanako pribilegiodunak denak– zalantzan jarri eta xaxatu, harik eta haien misioaren porrotarekin batera geurea inongo arrakalarik gabe burutu arte. Jomuga horretatik urrun gaudenez oraindik, tamalez, banoa inori ez ahazteko hil ala biziko misioa betetzen ahalegintzera; bereziki gazteei, eztena betiko alboratu ahal izango dugun eguna ezagutu ala ez haien esku baitago, batez ere. Martxoaren 8 asko egin ditugu gaurkora heldu arte, bide luzea, batzuek hasieratik eta beste batzuek gerora bilduta. Elkar heziz, elikatuz eta indartuz lortu dugu, baita ugalduz ere, hain zuzen feminismoaren zerizanari hertsiki loturik: inor ez da beste inor baino gutxiago, ezta gehiago ere, baina zapaltzaileak eta zapalduak gaude, eta horrek ez digu, ezin digu, bakerik eman. Hortaz, banoa kalera mugimendu feministari, feministoi eta gure xedeei besaulki batean lasai asko eserita urrunetik begiratzen diguten guztiak zirikatzen jarraitzera. Egunkari honetan urteetan egin nahi izan dudan bezalaxe. Banoa hemendik, misiokideok, baina plazan elkar harturik segituko dugu!