GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Yong Yin


Urtemugek hausnartzeko balio beharko lukete, baina egunotako zaratak ez digu ganorazko ezer pentsatzen uzten.

Kaleko zurrunbilo nekagarritik ihesi, uste baino bake handiagoa ematen didan lekura sartu naiz. Maite ditut bertako usaina eta giroa. Nire konfiantzazko fruta-denda da. Bi urte dira Joselu eta Inesen denda izandakoak berriz ere ateak ireki zituela eta leku ezin atseginagoa lortu du dendari gazte berriak. Irekieraren urtemuga dela esan dit pozik eta eskerrak eman ere, obrak egin zituenean udaletxerako paperak betetzen lagundu niolako. Zorionak eman dizkiot, lotsatuta, bere izena ere ez dakidala konturatu naizenean. Hilabeteak dira opariak egiten dizkidala, Karibeko frutak edo Erriberako barazki preziaturen bat. Ni, baina, bere izena ezagutzeaz ere ez naiz arduratu. Txinatarra dela besterik ez dakit.

«Txinatar birusa» edo «Putinen txertoa» esaten dugu, distantzia klasista batetik. Mendebaldeko gotorlekutik, handik datozen zientzia eta jakinduriari izaera ezabatuz.

Martxoaren 21ean arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna izanen da. Inkontzienteki bada ere, zeharkatzen gaituen arrazakeriaz jabetzeko unea. Zenbait komunitaterekin darabilgun ezezagutza, ezjakintasuna, haien nortasunaren ezabatzea finean, bada gure nagusikeria eta harrokeriaren seinale eta orain horiek berrikusteko aukera dugu.