GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Biopolitika vs psikopolitika


Biopolitika, bizitzaren gobernua helburu duten teknologia, praktika, estrategia eta arrazionaltasun politikoen multzo gisa deskribatu zuen Foucaultek, gizabanakoen eta biztanleriaren bizitzen gainean boterea erabiltzeko era. Botereak gorputz sozialarekin ezartzen dituen harremanetan, bada, bizitza eta heriotza gobernatzeko erabili ohi diren estrategien politika dago. Bizitzeko erak, babesa antolatzeko sistema, mugak, mehatxuak, izurriteak, bizitzaren gobernua finean, arautzeko era gobernagarria bihurtzen denean, biztanleria, teknologia multzo oso baten bidegurutzean kokatzen du, medikuntzaren, biologiaren, soziologiaren, psikologiaren, psikiatriaren, estatistikaren eta zientzia bitartekaritzaren bidetik eratortzen dena. Izan bizitzeko eratan, izan gobernatzeko eratan, estrategia politiko horiek, giza gorputzen eskala zehatzetan hezurmamitzen dira, gorputz bio-psiko-sozio-kulturalak eratuz biztanleriarengan txertatu eta zabaltzeko.

Boterearen estrategiak, bada, nekropolitika barne, botere-sare gisa hedatzen dira gizartean, norbanakoen gorputzetan sartu eta bereganatzen diren arte; begiratzea baino ez dago nola pandemiaren kudeaketa, bizitza eta heriotza administratzeko adierazlerik behinena bihurtu den, giza gorputzen gaineko botere harremanek eta erabaki politikoek sintetizatzen baitute ondoen biopolitikaren prozedura. Epidemiaren kudeaketa, immunitatearen borroka noiz irabaziko, txertoen lasterketan eta gudu zelaian jokatu eta jokatzen ari da, borroka hori, estatu inperialisten benetako txerto-gerra da, enpresa multinazional farmazeutikoen interes finantzarioak beste ezeren gainetik babestuz, nahiz eta planeta osoko milioika lagunen bizitza arrisku bizian egon.

Globalizazioaren hedapen planetarioak erakusten digu gaur egungo gorputza eta subjektibotasuna ez direla arautzen soilik (Foucaultek erakutsi bezala) gizarte erakunde harremanetatik igaroz, baizik eta, batez ere, teknologia digitaletan eta datuetan oinarritutako merkatu ekonomiaren nagusigotik igaroz. Big Dataren merkatu ekonomia da egun gorputz soziala arautzeko eta gobernatzeko era berria. Pandemiaren eraginak mundu osoan areagotu duen datuen erabilera orokortzea, satelite bidezko zaintza informatikoaren gailu globalak garatzea, gorputz sozialaren eta subjektuen gaineko kudeaketa digitalaren ezaugarri bihurtu zaizkigu. Adimen artifiziala eta algoritmoak gidaturiko subjektu digitalaren aroaren ezaugarri. Gizabanakoen homogenizazio eta zaintza digitalaren bide horiek, baina, barruraino sartzen zaizkigu oharkabean atsedenik gabeko kontsumoaren gizartearen ezinbesteko ordainagiriak bailiren. Norbanakoa, egun inoiz baino gehiago «indibiduo» bilakatuta, Big Brother erraldoiaren plazer arautu eta kalkulagarriaren datu soil bihurrarazten dute.

Gaur, erregimen neoliberalaren subjektua ia ukitu ezina bihurtu da, pantailetan ageri baita gehienetan. Zuzenean ez, baizik hariaz bestaldetik mintzo zaizu, tresneriaren barruti babestutik. Gutxi kolektibizatzen da, sozialki urrutiratua, erabat indibiduoa da. Bere gorputza tresna tekniko digitalaren atzean ezkutatzen da; protesi zibernetiko geroz eta ugariagoak darabiltza, ziborgaren atributuen desira oharkabean; sare multinazionalen (GAFAM) eskaintzaren baitan harremantzen da; kontsumitzaile digital nekaezinaren grinak arautzen du haren bizitza, kode identifikagarri batean sintetiza liteke bere jarduna, banku-kontu zenbaki baten hurrenkeran akaso. Begira nola Big Datan oinarritzen diren merkatu digitalek algoritmoen eraginkortasunean oinarritutako datu-ekonomia gailenarazi duten. Jada, mutatu den plataformen kapitalismoan bizi gara, «kapitalismo kognitiboa» deitu izan dute batzuek; errealitate garaikidean, datu batera murrizturiko norbanakoa, ekonomia globalaren lehengai berria izatera iritsi da. Microsoft eta Apple buru direla Silicon Valley deritzaien korporazioen irabaziek (milaka milioiko irabazietan neurtzen direnak) islatzen dute ondoen datu-ekonomiaren aurpegia, kapitalismo digitalaren arrakastaren lekuko.

Datu-ekonomiaren gailur berri hori potentzialki agintekeria digitaletik gertu egon liteke, baina. Bizi dugun aroak eragin duen patroi zibilizatorioaren kolapsoaren ondorioz, gorputz subjektibotasunak leherrarazi ditzakeen marko antropologikoaren aldaketa dakusa Han filosofo mediatiko eta garaikideak. Foucaulten biopolitika zaharra gainditurik, psikopolitikaren garaian sartuta geundeke haren ustez, Big Data hodeietan biltzen ari den datuen eta informazioen gurutzaketatik abiatuta, merkantzia gisa eskaintzeko gutako bakoitza.

Shoshana Zuboffek soziologoak «zaintzaren kapitalismoa» izendatu duenaren oinarria da, giza jokabidea aldatzeko arkitektura globala, izaera itxuraldatzearekin mehatxatzen ari dena. Hori litzateke zaintzaren kapitalismoak dakarren antolaketa soziala, zelatatutako erlauntza hiperkonektatuan ziurtasun absolutuak lortzeko irrikak elikatzen duen mundurantz, ahalik eta irabazi gehien lortzearen truke, ekonomian errentagarria ez dena mespretxatuta eta gizakiok planetan dugun etorkizuna baldintzapean jarrita.

Errentagarriak ez diren hainbat giza balio galtzerako bidean doan gizartean, lurrarekiko desloturiko sistema nagusituz doa, hazkunde mugagabearen erlauntza hiperkonektatuan, norbanakoa, zaintzapeko robotaren algoritmoetan murriztuta nahi luke sistema neoliberalaren merkatuak. Hara nola, gure bizitzen jabetza, konkistatu beharreko burujabetzatik baino etorriko ez denez, balio indibidualak goresteak edota politikari uko egiteak, sistema neoliberalaren mendekotasuna areagotzea baizik ez dakar. Haatik, giza taldeen jarrera aktiboaren bide erresilientea, kolektiboaren eta kolektibotasunean egin beharreko biderik premiazkoena dugu.