GARA Euskal Herriko egunkaria

Beste sei lekualdatze, tartean Unai Parotena: Puertotik gerturatuko dute

Sei preso politikoren lekualdatzeak iragarri zituen atzo Espetxe Zuzendaritza espainolak, horietatik hiru Iruñeko kartzelara. Zerrendan Unai Parot ageri da: 31 urte daramatza giltzapean eta Puertotik Mansillara eramango dute; bigarren gradua onartu diote, gainera.


Espetxe Zuzendaritzak astero egiten duen iragarpenean sei euskal preso ageri ziren. Horietatik hiru Euskal Herrira ekarriko dituzte, Iruñeko espetxera hain zuzen, eta gainerako hiruretatik Soriara eramango dituzte bi eta Mansillara (Leon) bat.

Azken mugimendu hori aipagarria da. Izan ere, jada 31 urte preso daramatzan Unai Parotena da: azkenean hurbildua (hein batean bada ere) izango da, Cadizeko Puertotik Mansillara baitaramate. Bigarren gradua onartu diote, orain arte beti lehen graduan izan ostean.

Aste honetan bertan bere egoera salatu dute Arrasaten, etxeratzeko garaia dela nabarmenduz. Bihar manifestazioa egingo dute herrian, 12.30ean hasita.

Puertotik beste preso bat lekualdatuko dutela jakinarazi du Espetxe Zuzendaritzak: Jose Mari Dorronsoro, Iruñera.

Lorenzo Ayestaranek ere gradu progresioa lortu du eta Alacantetik Soriara lekualdatuko dute. Eta bertara eramango dute bigarren bat, Oskar Zelarain, Castellotik. Lehenengo gradutik bigarrenera pasako dituzte biak.

Iruñeko espetxera bi preso ekarriko dituzte Valentziako Picassent-etik: Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez. Mugimendu horrekin, bi preso politiko baino ez dira Picassenten geldituko.

Azken ostirala

Hilabeteko azken ostirala izanik, presoen aldeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo: 15 lagun Antsoainen, 25 Munitibarren, 26 Berrizen, 55 Soraluzen, 26 Ugaon, 30 Gernikan, 102 Durangon, 25 Añorgan, 55 Mutrikun, 32 Garesen, 25 Getarian, 39 Arrankudiagan, 9 Sondikan, 32 Bergaran, 22 Usansolon, 41 Erromon, 320 Gasteizen, 50 Igorren, 36 Iurretan, 43 Ermuan, 16 Muxikan, 25 Antzuolan, 60 Beasainen, 94 Lekeition, 42 Elorrion, 99 Oñatin, 103 Ondarroan, 25 Elgetan, 104 Villabonan, 175 Hernanin, 110 Lazkaon, 51 Lizartzan, 40 Deban, 75 Zumaian, 51 Aulestin, 17 Beran, 16 Zallan, 9 Muruetan, 103 Iruñean, 22 Busturian, 37 Zornotzan, 70 Amurrion, 25 Berangon, 122 Errenterian, 110 Irunen, 74 Etxarri Aranatzen, 32 Legorretan, 33 Erandion, 42 Urduñan, 12 Areson, 38 Arbizun, 31 Bakion, 27 Orozkon, 38 Sopelan, 93 Galdakaon, 70 Algortan, 27 Tuyon, 41 Laudion, 37 Lezon, 50 Portugaleten, 95 Zarautzen, 105 Eibarren, 72 Larrabetzun, 12 Lekunberrin, 33 Zizurkilen, 50 Lasarte-Orian, 42 Irunberrin, 87 Usurbilen, 46 Zizurkilen, 45 Oiartzunen...