GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Azpeitiko Guggenheim


Donostia aldetik datorren bidetik Azpeitian sartzera nindoan lagun batzuekin. Horien artean ezaguna den azpeitiar poeta batekin, «horra non gure Guggenheim» esan zuenean lagun poetak. Aurre-aurrean herdoilak hartutako eraikin erraldoi bat.

Oraingo Corrugados Azpeitia Cristian Lay izeneko batena omen da. Lehenagotik Garrido izeneko extremeño batena eta horren aurretik Marcial Ucin azpeitiarrarena eta bere familiarena.

Duela zortzi urte arte, enpresa honek txatarretik abiatu eta eraikuntzarako kabila ekoiztu izan du. Lehengaia txatarra da eta argindarrez baliatutako labeak erabili izan ditu. Asteburuetan argindarra merkeagoa denez, egun horiek probestu izan ditu lanordu gehiago egiteko, asteburuak eta, batez ere, gauak.

Txatarra inguruko makina-lanabes lantegietatik jasotzen zuten txatar-biltzaileek, baina, batez ere, Pasaiako portuan, Lezoko partean, oraindik ere, oker ez banago, dagoen txatartegitik hartzen zuten. Lezoko herritarrek ondo ezagutzen dute gune hori, itsasontziek txatarra ekartzen zutenean eta hego haizea zegoenean herriko bazterrak ke eta laino zikinez betetzen zirelako. Gainera, noizbait, ez dakit nondik ekarritakoa zelako erradioaktiboa zen txatarra ere sartu izan zuten.

Ekoiztu izan duten barila hori ekoizteko argindar asko kontsumitzeaz gain, ur asko ere behar dute. Horregatik, lantegi hori Ibaieder eta Urola ibaien artean kokaturik dago. Eta jakina, bi ibai horiek, inguru horretan, behintzat, kutsatu egin izan dira. Orain ur garbi-garbia ari da pasatzen. Amuko zubi ederra, bertan dagoen presa eta Belokineko kanala ziren gure gazte denborako igeri leku nagusiak. Orain ez dakit nola dauden bazter horiek.

Lantegi horretan lan egin izan dutenak, gehienak bederen, Azpeiti eta inguruko baserrietako semeak izan dira bere historian. Soldata onak irabazten zituzten, baina lan-baldintza gogorretan lan eginez. Uda partean, batez ere, hirurogei graduko tenperaturetan, istripu asko jasanez.

Orain herritar gazte asko ondo prestatuta, ikasketekin, daudenez, ona izango litzateke, lantegi horretako istripu eta heriotzen historia egitea, eta, posible balitz, Abitainera gaixotasunak eraginda eta garaiz baino lehenago joan direnen zerrenda egingo balitz ere bai. Uste dut sindikatuek izango dituztela datuak.

Europar Batasunean gaudenean eta ingurumenaren zaintzari garrantzia ematen zaionean herri baten erdian horrelako lantegi hirugarren mundutar bat berrabiatu nahi izatea, ez da ez azpeitiarrentzat ez beste inorentzat desiragarria.

Orain zortzi urte lantegia itxi behar zutela-eta kezka sortu zen herrian, batez ere, bertan ziren langileak langabezian geldituko zirelako eta bestalde herriaren etorkizun ekonomikorako oso kaltegarria izango zela uste zelako.

Esan behar da, gaur egun, Azpeitiko herriak jakin izan duela buelta ematen egoerari eta langabezia tasa ez dela inguruko herrietakoa baino altuagoa. Azpeitian %7,9koa da langabezia tasa eta Gipuzkoan, %9,6koa.

Halaber, amaitu baino lehen aipatu nahi dut lantegi horrek herriko eguratsa kutsatzen zuela eta inguruko bazterrak kedarrez belzten zirela, balkoietan esekitako arropak ere kedar beltzez zikinduz.

Uste dut lantegi hori desegiten denean azpeitiarrok pozik izango garela.