GARA Euskal Herriko egunkaria

«Agindutakoa betetzeko prest» berritu du kargua Sturgeonek


SNPk gehiengorik gabeko Gobernua osatuko du Eskozian. Premier kargua berritu zuen atzo Nicola Sturgeonek, eta datozen egunetan jakinaraziko du gobernu berriaren osaera, zeinean oraingoan ere ez den Alderdi Berdeko kiderik egonen.

Gehiengo osoa lortzetik eserleku batera geratu zen SNP, 64 hautetsi eskuratuta. Kontserbadoreek 31 lortu zituzten; laboristek, 22; Berdeek, zortzi; eta liberal-demokratek, lau. Hauteskunde kanpainan, Patrick Harvie eta Lorna Slater berdeen buruzagiek argi utzi zuten akordiorako prest zeudela, baina ez da gauzatuko.

Hala ere, berdeen babesa auzi askotan izango du SNPk. Ipar Itsasoko gas eta petrolioaren kudeaketa da zatiketa sortzen duen kontuetako bat. Atzo, Harviek, hamarkada baten buruan ekoizpen horren amaiera exijituko duela berretsi zuen eta SNPk, aldiz, petrolioak eta gasak «konbinazio energetikoaren zati garrantzitsua izaten jarraitzen duela» dio, nahiz eta erregai garbiagoetara pasatzeko konpromisoa hartu duen.

Erreferenduma, pausaz

Maiatzaren 6an egin zituzten hauteskundeak eta aurreko egun eta asteetan, zita horren inguruan aritu baino, balizko bigarren independentzia erreferendum baten inguruan jardun ziren. Sturgeoek argi utzi du galdeketa hori antolatu nahi duela, baina koronabirusak sortutako krisia gainditutakoan. Eskoziarrek babes argia eman zioten Sturgeonen planteamenduari.

Eta apustu hori berretsi du eskoziar agintariak. «Laugarren agintaldia dugu jarraian, eta asko dago egiteko. SNPren gobernu eskoziarra erabat konprometituta dago hauteskunde kanpainan eskoziar herriari egindako promesak betetzearekin», azpimarratu zuen Sturgeonek.