GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Bakegileak jazartzea, itxikeriaren adierazgarri


Auzitegi Nazional espainolak onartu egin du Josu Urrutikoetxea euskal militanteak ez duela loturarik Luis Hergueta Michelingo zuzendariaren aurkako atentatuarekin. Orain dela berrogei urteko ekintza horregatik, Estatu espainolak Urrutikoetxea entregatzeko eskatu zien frantziar Estatuko agintariei, eta lehen instantzian, besterik gabe, onartu zuten. Orain, Auzitegi Nazionalaren azken erabakiarekin, auzipetze hori, gutxienez, bertan behera geratu da.

Hala ere, ez da bertan behera geratzen gertaera horrek islatzen duen jarrera politikoa. Josu Urrutikoetxearen aurkako jazarpenean, espainiar Estatua bere artxiboetan aurki dezakeen edozertara jotzen ari da, harekin harremana izan edo ez, Estatu frantsesak besterik gabe arrazoia emango diola jakinda. Orain, Auzitegi Nazionalaren erabakiak barregarri utzi ditu bi estatuak, bata ekintzagatik eta bestea omisioagatik. Are larriagoa da maniobra horrek agerian uzten duena; alegia, erakunde armatuaren desagerpenean buru izan zen militantearen aurkako mendekua. Ahalegin horrek argi eta garbi uzten du espainiar Estatuak bere gezurrekin eta frantziar Estatuak bere jarraipenarekin itxikeria politikoan tematuta jarraitzen dutela. Garai berriek eskatzen duten mailan jartzeko gai ez direla erakusten ari dira behin eta berriz bi estatuak.

Ez dute ulertzen, halaber, jazarpen iraunkor horrek epe luzerako ondorio politikoak dituela. Bake-prozesu bateko solaskideak gezurrezko muntaiekin jazartzeak aditzera ematen du estatuek ez dutela inolako negoziaziorik onartzen, solaskideek baldintzarik gabe amore ematea ez bada, eta, beraz, zailagoa izango dela etorkizuneko edozein gatazka elkarrizketaren bidez konpontzea. Gatazkak bide politikoetara bideratzeko borondatea balego, zentzuzkoena litzateke solaskideen osotasuna errespetatzea, nolabaiteko blindatze diplomatikoa eskaintzea beren lan politikoa egin ahal izan dezaten. Zaharrak berri: Parisen eta Madrilen heldutasun politikoa falta da gatazkak modu eraikitzaile eta demokratikoan konpontzeko.