MAY. 20 2021 EHZ uztailari begira programa prestatzen, baina egokitzeko prest Pozez jakinarazi dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek martxoan aitzinatu zutena baino programa zabalagoarekin ospatu ahal izanen dela festibala uztailaren 2, 3 eta 4an Irisarrin. Neurrien lausotzearekin, jaialdia plazan eta pentzean egiten ahalko da; antolaketa zehazten ari dira, eta 25. urteurrena ospatzeko prestatzen. Oraindik aldaketak izateko arriskua bada ere, jaialdia «bai ala bai egiteko asmoa» argiki agertu dute antolatzaileek. Idoia ERASO IRISARRI Orain arte Gobernu frantsesak aurreikusitako neurriak atxikitzen badira, jaialdia gau eta egunez ospatu ahal izanen da, herrian eta pentzean, festalariak zutik egoten ahalko dira, eta janari eta edari ostatuak izanen dira, osasun neurriak betez. Pandemia dela eta, kultur munduak bizi duen egoera zaila kontuan harturik, duela bi urte abiatutako filosofiari segida emango diote, eta euskal artistek osatuko dute programa osoa. «Testuinguru berezi honetan, kulturarentzat eta euskararentzat arnasgune baten emateko nahikeriarekin» egina izan dela adierazi zuen Julen Oillarburu antolaketa taldeko kideak. Pandemia egoera honetan osasun neurriak aldatzen direla jakinik ere, gaur egun emanak diren datak atxikiz, arras kontent agertu dira jaialdiaren antolatzaileak. Izan ere, jaialdia hasiko den egunaren bezperan kenduko da etxeratze agindua eta festalariek zutik egoteko aukera izanen dute. Horrek aurreikusitako antolakuntza guztia aldatzen du, eta gerora ere aldaketen arabera antolatu ahal izateko, suprefetarekin harremanetan daudela azaldu dute. Neurriak lausotzen badira ere, jaialdian sartzeko PCR proba negatibo bat aurkeztea edo txertoa jaso izanaren ziurtagiria beharrezkoa izanen da. Musukoa eraman beharko da, eta gel hidroalkoholikoa jai gunean zehar toki ezberdinetan egonen da. Aldi berean, kanpin eremua izanen ote den oraindik ezin dute baieztatu. Baldintza horiek guztiak kontuan izanik, laguntzaile gehiagoren beharra izanen dela nabarmendu zuten antolatzaileek. Duela bi urte 250 izan baziren, aurten 400 pertsonaren laguntza beharko dutela azaldu zuten; hori dela eta, laguntzera joateko dei zabala egin zuten. Programa aitzinatzen Agertoki gainean Chill Mafia, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz eta Torheit taldeak izango direla baieztatu zuten, eta beste talde batzuekin harremanetan daudela gaineratu. Programazioa askotarikoa eta denentzat pentsatua dela esanda, egunean zehar izanen diren artista batzuen izenak aitzinatu zituzten: “Hatz(a)marka” kantu eta olerki ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen semeak dantza taldea eta Andoni Ollokiegi bakarlaria. Irisarri jaialdiaren kokagune izateko hautatzeko argudioa herriko dendekin, ostatuekin, herritarrekin eta Herriko Etxearekin duten harreman ona dela esan zuen Oillarburuk, baina bertan dagoen Ospitalea gela ere aipatu zuen, tailer, hitzaldi eta mahai inguruei harrera egiteko gune egokia baita. Aurten bost gai nagusi jorratuko dituzte: artearen funtzioak, etxebizitzaren arazoa, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena. «Ekaitzak, tenpestak eta azkenean pandemia gaindituz» mende laurdeneko urtemuga ospatzeko asmoa argia da; horretarako zein ekimen izanen diren ez da zehaztua izan, baina horretarako talde berezia sortu da antolakuntzaren baitan. Atzotik 150 sarrera salgai daude 35 euroan, iazko sarrerak edizio honetarako baliatu ahal izanen dira. Egunez eguneko sarrerak heldu den astetik goiti erosi ahalko dira EHZren webgunean, eta laguntzaile izateko izena ematea ere bai. Dei berezia egin dute, laguntzaile kopuru handia beharko baita osasun neurriak errespetarazteko. DE CARA A JULIO & # 34; Con mandatos, compromisos, etc., no ha sido fácil imaginar si este año... y proyectarlo a principios de julio, pero ha mostrado las líneas maestras de la 25 edición del LER & # 34;, han explicado los organizadores.