GARA Euskal Herriko egunkaria
MARTIN UGALDE JAIO ZENEKO URTEURRENA

Martin Ugaldek idatzitako 1.600 lanetik gora sareratuko dituzte

Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko dira azaroaren 11n, eta idazle eta kazetaria gogoratzeko abian dira hainbat ekimen. Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea ere iragarri zuten atzo Andoainen egindako agerraldian. Bere bizitza eta ekarpena bilduko dituen erakusketa ere zabalduko da datorren astean.


Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta idazle eta kazetaria gogoratzeko abian dira hainbat ekimen. Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren jaiotzaren mendeurrenaren karietara antolatuko diren egitasmoak aurkeztu zituzten atzo Martin Ugalde kultur parkean.

Bertan izan ziren: Bingen Zupiria, EAEko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Harkaitz Millan, Gipuzkoako Kultura diputatua; Maider Lainez, Andoaingo alkatea; Sagrario Ruiz, Andoaingo kultur zinegotzia, Alexander Huitzi, Andoaingo euskara zinegotzia, Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea; Juan Luis Silanes, Hondarribiko kultur zinegotzia; Joxemari Sors, Elkar Fundazioko lehendakaria; Beatriz Zabalondo, Berria Taldeko lehendakaria; Garbiñe Ubeda, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria; Lorea Agirre, Jakin-eko zuzendaria; Joanmari Larrarte, Martin Ugalde Kultur Parkeko arduraduna eta Unai Ugalde semea, familiaren izenean.

Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea iragarri zuten agerraldian. «Dudarik gabe, hauxe da mendeurrenak egingo duen ekarpenik handiena. Martin Ugalderen lanaren parterik handiena duela urte batzuk Jakin-ek digitalizatu zuen. Digitalizazio hartatik abiatuta, osatu eta txukundu egingo da eta webgune batean jarriko dira bere lan argitaratu guztiak», kontatu zuten.

Ugalderen lan guztia bilduta eta sarean egongo da, kontsultatu nahi duen edonoren eskura. Liburu (47), liburu zati (50) eta artikuluen (1.500) artean 1.600 lanetik gora dira, eta berari buruzko 120 lan inguru ere identifikatu dituzte gaurdaino. «Datu horiekin has gaitezke tamaina hartzen Ugaldek egin zuen lanaz, utzi digun ekarpenaz», azpimarratu zuten.

Aipagarria da Martin Ugalderen bizitza eta bere ekarpena bilduko dituen erakusketa. Maiatzaren 27an Hondarribian inauguratuko da, Arma plazan. Bertan egongo da uztailaren 4a bitartean. Andoainen ere ikus ahal izango da, azaroaren 5etik abenduaren 4ra, Bastero Kulturgunean. Ondoren, panelak Martin Ugalde Kultur Parkean geratuko dira jendaurrean.

Bestalde, urrian zehar hainbat hitzaldi egingo dira, Martin Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan eta “Euskaldunon Egunkaria”-n Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpena. «Itxi gabe dago, baina jada hitzartuta ditugu honako hizlari hauek: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria», aurreratu zuten.

Zinemak ere izango du bere tokia ekitaldietan. «Jakina da Ugalde kazetari handia izan zela. Esaten da erreportajeak egiteko eta elkarrizketarako dohain berezia zuela. Hain zuzen ere, Lezo Urreiztietari egin zion elkarrizketan oinarrituta egindako filma da ‘Jainkoak ez dit barkatzen’, Josu Martinezek zuzendua. Andoaingo Bastero Kulturgunean proiekzio berezia egingo da azaroaren hasieran. Filmaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia ere antolatuko da», azaldu zuten.

Martin Ugalderen lan baten irakurketa jarraitua ere egingo da. Azaroaren 11n haren izena daraman Andoaingo parkean egingo da hain zuzen ere. Goizetik hasi eta testua bukatu arte dozenaka lagun pasako dira, zatika-zatika aukeratutako testua irakurtzen. «Egun hori bera baliatuko dugu Ugalderen lan publiko digitalizatuta zabaltzeko», aurreratu zuten.

2015etik, bi urtean behin, Martin Ugalde beka deitu izan da. 2019ko beka jaso zutenek entregatu berri dute haien lanaren emaitza, eta udazkenean ekitaldia antolatuko da hura aurkezteko.

Martin Ugalde ipuin sariketa antolatzen du urtero Andoaingo Udalak. Aurten ere antolatuko da, eta, gainera, indartuta egingo da, lehiaketak 25 urte betetzen baititu. Lehiaketaren deialdia eta informazio zehatza Andoaingo Udalak berak zabalduko ditu. Sari banaketa azaroak 10ean izango da.