Elena Beloki Resa
Antropologoa eta Iratzar Fundazioko kidea
GAURKOA

Txilen partida hasi besterik ez da egin

Txilen 2019ko urriaren 18an piztu zen leherketa sozialak eraldaketarako aukera historikoa eragin du, haustura konstituziogile bat. Matxinadak eskuineko gobernua behartu du 1990eko konstituzioa alda dezan, konstituzio berriaz plebiszitua egin dezan eta hauteskunde konstituziogileak antola ditzan. Izan ere, 2022an itun konstituziogile berriari buruzko erreferenduma egingo da, eta horrek shock doktrinaren bidez inposaturiko neoliberalismoaren proiektu politikoa oztopa edota desegin dezakete.

Piñeraren gobernu eskuindarrarentzat, leherketa sozialak zabaldu zuen sekuentzia politikoa uste baino luzeago izan da, Txile errealak indar neoliberalei erronka handia luzatu baitie. Sekuentzia horretan, hiru mugarri berezi azpimarratzekoak dira: lehena, urriaren 25ean konstituzioari buruz eginiko erreferenduma, non txiletarren %50,9k bozkatu zuten eta %78,27 konstituzio berri baten alde azaldu ziren; bigarrena, 2021eko maiatzaren 15ean eta 16an eginiko hauteskundeak, horien artean konbentzio konstituziogilea osatzeko bozak; eta hirugarrenik, azaroaren 21ean egingo diren presidentetzarako hauteskundeak.

Bozen emaitzek eraldaketa prozesuari buruzko uneko argazkia erakutsi dute. Interesgarriagoa izan daiteke, ordea, bozak eraldaketa prozesu gakoetan irakurtzea. Izan ere, horrek etorkizunerako joerak eta indar harremanak definitzen lagun diezaguke.

Gauzak horrela, eredu neoliberalak pribilegiatu dituztenek gaurko statu quo-ari eutsi nahi izango diote, talde ekonomiko eta politiko neoliberalek bezala, baina, era berean, desegiten ari den instituzio sistema baten aldeko erreforma sotilari eutsiko diotenak, PS, DC, PPD kasu, eta oraindik bizirik dagoen pinochetismoaren baloreen defendatzaileak ere aurki daitezke. Bestalde, zantzu guztien arabera, eskuinak ezin izango du prozesu konstituziogilea oztopatu, horretarako berak ezarri zuen herena lortu ez duelako. Gainera, eskuraturiko porrotak bere esparru politikoan jada ondorioak utzi ditu: Piñeraren balizko irteera, eta, ondoren, Kongresuko gaurko errealitatearekin, bere boterea eta posizioa ahuldu daiteke. Haatik gauzak ez dira hain errazak izango, eta Estatu barruko zein kanpoko indar-harremanak determinanteak izango dira.

Zerrenda independenteek, haien aldetik, espero ez ziren emaitzak lortu dituzte, Konbentzio Konstituziogileko 155 aulkietatik 48 eskuratuz. Horien artean, ezkerreko Herriaren Zerrendak 27 lortu ditu. Zerrenda horretako kideak, politika tradizionalarekin oso kritikoak izanik ere, eraldaketa prozesurako funtsezkoak izan dira, eta gaurko agertoki politikoa kuestionatzen duten eztabaidak azalarazi dituzte, bereziki arkitektura instituzionalaren auzia eta beraren eta kaleko indar bizien arteko dialektikaz eztabaida. Gainera, espazio horrek ezkerreko alderdiei erronka jo die mugimendu sozial eta masa-mugimenduarekin izan beharreko harremanen birmoldaketaz. Politika, euren ustez, gatazka sozial baten errepresentazioa da eta, hori horrela izanik, eragileak ateratzen dira benetako gatazka sozialak suertatzen eta gauzatzen diren dinamiketatik. Hori gertatu da Txile berrian, eta ezkerreko egitura politikoek aurrerantzean horrekin jokatu beharko dute.

Hauteskundeek ezkerreko indarren mapa berria osatu dute. Belaunaldi gazteago baten eskutik, eta diskurtso praktikoak eta gertutasunak gidaturik, euren presentziak esanahi historikoa lortu du, 28 aulki eskuratuz. Leherketa sozial honetan azaleratutako sentsibilitateek jakin dute momentu konstituziogilearen bidez kanalizatzen. Baina, era berean, udal mailan zein eskala ertainaren esparruan lurralde eta mugimendu sozialekin egin duten lanak boteregune inportanteak eman dizkiete, Santiagoko alkatetza adibidez. Herri indigenek hamazazpi aulki erreserbaturik dituzte, eta euren lurraldearen aitortza eta autodeterminazio eskubidea konstituzio berrian ikusi nahi dituzte. Estatu plurinazionalaren nolakotasunaren eztabaida irekia dago beraz. Maiatzaren 15ean eta 16an egindako hauteskundeetan Txile errealaren islarik osatuena konbentzio bozek lortu dute. Konbentzioa politikaren erdigunean kokatu da, eta parlamentua desplazatu du. Uztaileko lehen hamabostaldian lanean hasiko den konbentzioan, botere-posizio garrantzitsuak lortu dituzte indar feministek, aurrerakoiek zein indigenek.

Eta inork ez duenez betoa jartzeko herena lortu, akordioen artikulazio anitza beharrezkoa izango da herri-burujabetza erdian kokatzeko eta urtebetean Txileren marko instituzionala behingoz aldatu ahal izateko. «Partida hasi besterik ez da egin», Nuriluz Hermosilla arkeologo feministak dioen bezala.

Aipaturiko hiru mugarriekin batera, azaroaren 21ean presidentetzarako hauteskundeak izango dira. Indar aurrerakoiak eta feministak posizio onean helduko dira, baina erronka handia da, eta ez da nolanahiko hauteskunde prozesua izango. Batetik, ezker ikuspegi batetik, gobernu berria Konbentzio Konstituziogilearen izaera parte hartzaile eta emantzipatzailea sustatzeko eragile garrantzitsua izan daiteke, komuna, kabildo eta eskala txiki eta erdian eztabaidaguneak erraztu ditzakeelako, jendartearen parte hartzea ahalbideratuz eta konbentzioa espazio publikora ateratzeko mekanismoak eta dinamikak bultzatuz. Bestetik, 2022ko plebiszituari begira, aldaketarako gogoa aktibatzeko indargune inportante bat izan daitekeelako. Eta azkenik, azaroaren 21etik gehiengo zabal eraldatzaileek hegemonia berria osatzea bidera dezaketelako, neoliberalismoa oztopatuz eta justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituko den programa eta proiektuak abiatuz.

Uztailean alderdien primarioak izango dira eta, ondoren, tarte politiko luzea irekiko da primarioen bigarren buelta zehazteko, aliantza berriak artikulatzeko zein hainbat auziri heltzeko, adibidez agertoki politikoaren ordenamenduan eragina izan dezaketen sozialismoaren birfundazioak, Allenderen legatuaren gaurkotzeak eta alderdien eta mugimendu sozialen arteko dialektikak. Asko dago jokoan.