Murgiltze ereduaren alde Ipar Euskal Herria bat eginda
Murgiltze ereduaren kontrako erabakiak Ipar Euskal Herrikoan erabateko kontsentsua eragin zuenaren adierazle bilakatu ziren Baionako karrikak. 10.000 lagunek ahots batez erantzun zuten, «Euskarak murgiltzea behar du!».
Arratsaldeko lauak eta laurdenetan joaldunak hilaran ziren, bidea irekitzeko prest. Haien gibelean, bi traktore, laborariek ere mobilizazioarekin bat egin baitzuten. Eta jarraian, lehen pankarta, “Euskarak murgiltzea behar du” goiburuarekin, datorren ikasturtean murgiltze eredua ezarri behar duten Larraine, Aiherra, Indauze-Mendi eta Arrosa-Ortzaizeko ikastetxeetako gurasoek helduta.
Lehen multzoan ziren baita ere Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 76 ikastetxetako ordezkariak, bakoitza bere herria eta eskola adierazten zituen afixarekin. Hots, 37 Seaskakoak, 19 sail pribatuan diren ama eskolak eta beste 20 sail publikoan direnak, «orotara 5.000 haur baino gehiago; beraz, ikastetxe horiek guztiak legez kanpoko litezke?», galdegin zuen Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak.
Hain zuzen ere, sail pribatuko, publikoko eta Seaskako ordezkariak ziren manifestazioko bigarren multzoaren buruan, «euskal irakaskuntza denentzat» zihoen pankarta eusten, eta haiekin batera, hezkuntza eta euskalgintzako eragile anitzen ordezkariak.
Hirugarren multzoa, pankartarik gabe, ordezkari politikoek osatzen zuten, eta kolore guztietako politikariak izan arren guztiek bat eginda zeharkatu zituzten Baionako karrikak, milaka herritarrekin batera.
Antolatzaileen esanetan, 10.000 pertsona baino gehiago izan ziren Baionan; suprefetaren arabera, ordea, 6.000 manifestari izan ziren. Edonola ere, mobilizazioa jendetsua izan zela agerian geratu zen. Gainera, kontuan hartu behar da Hego Euskal Herriko lurraldeetatik inoiz baino jende gutxiago bertaratu zela, mugako pasabideetako neurri bereziak oraindik indarrean baitira.
Haserrea, elkartasuna, umorea
Ipar Euskal Herriak herri bezala erantzungo zuela jada argi geratu zen manifestazioa antolatu ostean heldu ziren babes mezu eta atxikimenduekin, baina atzo, eragile eta alderdi anitzetako ordezkariez gain, herritarrak atera ziren kalera eta, haien artean, haurrak nahigabeko protagonistak bilakatu ziren.
«Molac legearen kontrako erasoaren berri jakin genuenean manifestazioa egin genuen Etxepare lizeoan; erasoa guretzat ere bada, gure anai-arrebek euskaraz ikasi ezin badute guri ere ukitzen gaituzte-eta», azaldu zigun 16 urte dituen Luhusoko Paulek. Berekin zegoen Laidak, Makeako lagunak, ez du ulertzen «arazoa non den» Molac legea onartua ez izateko.
“Etxaparanga” taldeko kideak ere manifestazioan ziren. Haien artean Iñaki eta Eneko, aita-semeak, bakoitza bere instrumentuarekin, talde kideekin Macroni zein abesti eskainiko lioketen eztabaidan. «Abesti guztiak suabeegiak lirateke», zioen gazte batek, baina Iñakik bazuen erantzuna eta Eskorbutoren abestiaren errepika leloa ekarri zuen gogora. «Etxepare a las elecciones» abestu zuen.
Marie-France, Uztaritzekoa, Altxuko eskolako langilea eta Errobiko eskolan den haur baten ama da eta serioago mintzo zen. Bere esanetan, «Molac legea onartu zenean nire Hegoaldeko lagunek, urrats garrantazitsua zela eta, zoriontzen gintuzten, baina nik ohartarazten nien oraindik ez zela egina». Berekin diren Brigitte eta Aiña lagunei, ordea, Molac legearen gibelatzeak harridura eragin zien, eta horregatik, «murgiltze ereduaren defentsan» mobilizazioan parte-hartzea erabaki zuten.
Paskalek 58 urte ditu eta Haltsuko irakaslea da. Honela oroitzen zituen azken asteetako albisteak: «Legea onartu zenean asko harritu nintzen, baina gehiago harritu ninduen gibelatzeak». Macronen mugimenduak ere hizpide izan zituen: «Zinez kaskarot martxa bat dirudi honek, bi urrats aurrera eta beste bi atzera».
Manifestazioak aurrera egin ahala bide ertzetan ziren hainbeste afixen artean baziren herrien arteko elkartasunari erreferentzia egiten zietenak ere. Hugo eta Alan Pauetik etorri ziren. 32 ute ditu lehenak eta duela hamabi urtetik bizi da Pauen. Bere lagunak 18 urte ditu eta Pauen jaio eta bizi izan da betidanik. Goizean Pauen hizkuntza gutxituen aldeko mobilizazioan izan zirela azaldu zuten, baina «etsigarria» izan omen zen: «Politikariek hitz ederrak izan dituzte, baina gero ez dute ezer egiten. Beraz, gehiago mugitu behar da, eta Baionara etorri gara euskaldunei gure elkartasuna erakustera».
Baionako erdigunean terrazak lepo ziren, eta joaldunen etorrerarekin mugikorrak airean ziren argazkiak ateratzen. Angelu, Hazparne, Donapaleu eta Bidasoako lagunak elkartu ziren bulunbak astinduz bidea irekitzeko, eta guztiak Manolok gidatzen zituen, adarrari eraginez. 68 urteko nafarrak aditzera eman zuenez, «hemen behar genuen, euskara guk ez badugu defendatzen kaketan gira».
Hitzartze indartsuak
Baiona inguratu eta bertako karrika nagusiak zeharkatu ostean manifestazioa Roland-Barthes plazan amaitu zen. Hurrengo ikasturtean irekiko dituzten murgiltze ereduetako gurasoak izan ziren hitza hartzen lehenak. Murgiltze ereduaren defentsa sutsua egin zuten eta «herrialdeko kultura eta hizkuntza aniztasuna lantzea presazkoak direla» nabarmendu zuten
Hautetsien izenean, bi auzapez zuberotar izan ziren oholtza gainean, Jean Dominique Iriart, Larraineko auzapeza, eta Maite Etxeberria, Ozaze-Züharako auzapeza. Hitzartze indartsua izan zen: «Inongo konstituziok, ez eta inongo Kontseilu Konstituzionalek ere, ez dute hizkuntza bat erabiltzeko edo goxoki hiltzen laguntzeko eskubiderik. Euskararen bizitzeko eskubidea ez da negoziatzen, ez erosten eta, are gutxiago, saltzen».
Azkenik, Peio Jorajuria, Marie-Andrée Ouret eta Laetitia Eizmendik hitz egin zuten, Seaska, Biga-Bai eta Euskal Haziak elkarteen izenean. Horrela, hezkuntza eremuan sail desberdinetan murgiltze eredua sustatzen duten elkarteetako ordezkariek aditzera eman zutenez, «kolpea izugarria» izan da, baina, Jorajuriaren aburuz, «krisi honetatik indarturik atera behar dugu, murgiltzea eskola publiko eta pribatuetan garatzeko urratsak eman behar dira, ikastola sarea hedatu, eta brebeta eta baxoa euskaraz pasatu behar dira».
Amaitzeko, Mixel Etxekopar abeslari zuberotarrak «Xoxoak galdu du burua» abestia moldatu eta «Xoxoak galdu euskara» izenburupean abestu zuen.
Ordezkaritza politiko oso zabala bat eginda murgiltzearen alde
Errazagoa litzateke Baionako manifestaldian izan ez ziren ordezkari politikoen zerrenda egitea, bertan izan zirenak zerrendatzea baino. Ipar Euskal Herriko biztanleria gehien duen eremuan, esaterako, Angeluko auzapeza bakarrik falta zen. Oraingo honetan Biarrizko Maider Arosteguy auzapez eskuindarrak ere ez baitzuen argazkitik kanpo geratu nahi izan.
Zinez Ipar Euskal Herriko familia politiko guztietako ordezkariek Baionan bat egin zutela esan daiteke, eta baita hauteskunde departamentaletarako zerrenda buru diren hainbat eta hainbat hautagaiek ere.
Batzuek aipatzearren, hona mobilizazioan parte hartu zuten hainbat ordezkariren izenak: Vincent Bru, Macronen LRM alderdiko diputatua; Benedicte Luberriaga, Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseilaria; Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria; Max Brisson, LR alderdiko senataria; Mathiu Berge eskualde kontseilaria; Frederique Espagnac, Pirinio Atlantikoetako senataria; Annick Trounday Idiarte, kontseilari departamentala; Henri Etcheto kontseilari departamentala..H.l.