GARA
BOGOTA

Emakume lesbiana, bisexual eta transak, izurritearen beste biktimak

Koronabirusaren pandemiak ez dakartza soilik heriotza, osasun-sistemako zailtasunak eta galera ekonomiko ikaragarriak. Konfinamenduan indarkeria matxistak gora egitea eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboak diskriminatzea ere krisi honen ondorio dira. Emakume lesbiana, bisexual eta transen aldeko elkarteek diotenez, bi aldiz baztertzen dituzte, dituzten bi ezaugarri horiengatik.

Atzotik foro bat dago martxan Interneten, Bogotatik mundura arazo honen berri zabaltzeko. “Enterezas” kanpainaren koordinatzaile Carolina Gomez abokatu kolonbiarraren iritziz, emakume horien gaineko aurreiritziak handiagoak dira gizon homosexualei buruz daudenak baino. «Emakume lesbianen kontrako indarkeriak emakumeengandik espero denarekin du zerikusia», azaldu du Gomezek. Gizonezko bikotekide batekin haurrak edukitzea da eurengandik espero dena eta ez dute hori betetzen.

«Enterezas» proiektua

“Enterezas” proiektuaren bidez, emakume lesbiana, bisexual eta transen aurkako diskriminazioari aurre egin nahi diote Kolonbia, Nikaragua, Honduras eta Dominikar Errepublikan. Aurki batuko dira Ekuador, Paraguai, Panama eta Mexiko ere.

Komunitate horren egoera aztertuko dute ostiral honetara arte iraungo duen nazioarteko topaketan. Kolonbian antolatu da foroa. Bertan, 2020an LGTB kolektiboko 76 pertsona hil zituzten, aurreko urteetan baino gehiago.

Koordinatzaileak agertu duenez, tokian toki diskriminazioaren aurka lanean ari diren elkarteek, 2018an “Enterezas” sortu zutenek, ikasgaiak partekatuko dituzte. «Proiektuan ikasi ditugun gauzak eta bizi izan ditugun esperientziak eraman nahi ditugu espazio horretara. NBE bezalako instituzioetako funtzionarioek parte hartuko dute, baita tokian tokikoek, fiskalek, prokuradoreek eta defendatzaile publikoek ere».

Gomezek nabarmendu duenez “Enterezas” proiektuak fruituak eman ditu eta funtzionario publikoen artean jarrera aldaketa bat sumatzen hasi dira.