EDITORIALA

Boto atzerakoien bila, PSN euskararen aurka

Nafarroako Gobernua euskararen inguruko dekretu berria prestatzen ari da. Oraindik ere ez du eduki osoa ezagutzera eman. Hori bai, Javier Remirez Gobernuko presidenteordeak zenbait aldaketa aurreratu zituen jada Parlamentuan. Besteak beste, dekretu berriak eremu ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara meritutzat ez jotzea jasoko du. Ez da izango, halaber, euskaldunek pairatuko duten murrizketa bakarra. PSNk proposatutako zirriborroa onartzen bada, eremu mistoko lan deialdietatik ere kenduko dute euskara meritutzat hartzeko beharra, eta «jendaurreko lanpostuetarako» bakarrik balioetsiko dute. Hortaz, ez da harritzekoa Exekutiboaren baitan proposamenak eztabaida sortu izana, baita gizartean ere.

Dekretuaren zirriborroak 2019an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena jarraitzen duela dirudi. Bertan, eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskara meritu gisa hartzea «baztertzailea» eta «neurrigabea» zela esaten zen. Bide beretik jo zuen maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza-eskakizunak bertan behera uzteko kaleratu zuen epaian, lan deialdia euskara ez dakitenekiko «diskriminatzailea» zela argudiatuta. Botere judizialaren euskararen aurkakoa jarrera argia da. Hala ere, auzian alderdi politikoek erantzukizun propioak ere badituzte eta PSNk boto atzerakoiak biltzeko euskararen aurka egitea erabaki du. Nola ulertu, bestela, Europako beste hizkuntza batzuk, alemana adibidez, merezimendu gisa baloratu ahal izatea eta tokiko hizkuntza gutxitua ez? Ez al da hori, hain zuzen ere, euskara politikoki erabiltzea?

PSNk erabat diskriminatzailea den euskararen zonakatzea baliatzen du euskara administrazio publikoan bazterreko posizioan mantendu eta, bide batez, boto erreakzionarioak erakartzeko. Eginkizun tristea bere burua aurrerakoitzat duen indar politiko batentzat. Denbora dago erabakia zuzendu eta pedagogia lana egiteko, are gehiago nafarren gehiengoak horrela eskatzen duela jakinda.