JUN. 17 2021 PILOTA Artola: «Final bat galdu dut, baina, era berean, ia gehiago jaso» Alegiarraren lesioa ez da behar beste osatu eta Buruz Buruko finalari uko egin behar izan dio, bere lekua Beñat Rezustari utziz. Jon ORMAZABAL «Txarrenari onena ateratzea», zorionez eta zoritxarrez, edo zoritxarrez eta zorionez, euskaldunok oso ondo barneratuta dugun zerbait da. Baita Iñaki Artolak ere. Buruz Buruko finalari atzo egin zion alegiarrak uko modu formalean, lesioa okertzeko arriskua handia zela-eta medikuek hala aginduta, penaz, noski, baina erabakia aurretik ere ondo barneratuta eta bere esku zegoen guztia egin izanak ematen duen lasaitasuna lagun. Alegiarra bereziki eskertuta agertu zen, egun zail eta korapilatsuotan babes ikaragarria jaso duela ikusita. Hamar aldiz erori eta hamaika aldiz jaikitakoa da Artola eta aurrerantzean sarri entzun beharko du pilota berarekin zorretan dela, nahiz eta berak ez duen halakorik sentitzen. «Badakit hitz egiteko modu bat dela, baina niri pilotak ikaragarri eman dit. Finala jokatzerik ez daukat, baina badaukat barru-barruan halako harrotasun sentsazio bat, txapelketa handia egin dudalako. Hori ere hor geratzen da eta saiatuko naiz beste final batera heltzen. Seguru nago honetatik indartsuago irtengo naizela», adierazi zuen Gasteizen, medikutik irten berri. «Eta aprobetxatu nahi dut azken egunetan jasotako animo mezu guztiak eskertzeko, ikaragarriak izan dira, kristoren babesa sentitu dut eta sentsazioa daukat final bat galdu dudan arren beste alderdi batzuetatik ia galdu dudan haina edo gehiago jaso dudala. Egun gogorrak izan dira, baina politak era berean», gaineratu zuen, gertatutakotik etorkizunerako ikasgaiak aterako dituela erabat sinetsita. Udaren parte bati agur Bere ibilbidean beste hainbatetan gertatu zaion bezala, pazientzia izan beharko da orain Artolaren sekretuetako bat, denbora batez frontoietatik at egon beharko duelako. Hala azaldu zuen Iñigo Simon Baikoko medikuak, behin geratzea erabakita, hobe dela zuhurtziaz jokatzea, berak iltzatuta duelako oso 2003ko finalean, antzeko lesio batekin, Aimar Olaizolarekin gertatutakoa. Patxi Ruizen aurka jokatzeko 40 egunez zain izan ostean, Atanoko finalaren lehen tantoetan lesioa berritu zitzaion eta sei hilabete eman behar izan zituen frontoira itzuli ezinda. Iraganeko irakaspenak irakaspen, Buruz Buruko finala Buruz Buruko finala da, eta horregatik epeak ahalik eta gehien luzatu izana defendatu zuen Simonek. Lesioak hobera egin du gainera, baina ez halako exijentziako partida bat jokatzeko beste. Esperantzari eutsi Rezustari finalerdian irabazi osteko pozari laster hartu zion gain lesioaren inguruko kezkak. «Egia esan behar bada, ez dira egun errazak izan, batik bat hasierakoak. Beti amesten duzun zerbait da finala jokatzea eta aukera hori iristean dena aurretik irudikatutako horretatik hain desberdina izatea... Hurrengo egunetik bertatik gainera: frontoira joan beharrean medikura joan beharra... Ez zen samurra izan onartzea, baina behin ideia egin genuenean burua gauzak ahalik eta hobekien egiten jarri genuen. Momentu honetan oso lasai nago, sentsazioa daukadalako gauzak ondo egin ditugula eta hori ere ederra da, halako momentu batean ez zaidalako inolako damurik geratzen», azaldu zuen Iñaki Artolak. Esperantzari azkeneraino heltzen saiatu den arren, «hasieratik bagenekien garbi, iritsita ere, ondo iristerik ez nuela izango. Baina medikuek ez zuten erabat baztertzen jokatzea izango nuenik eta orduan iruditu zitzaigun saiatzeak merezi zuela, gero damu horekin ezin genuela geratu. Baina egunak aurrera zihoazen heinean, ikusten genuen lesioa ondo zihoan arren, ez zela nahikoa izango eta hala gertatu da. Miraririk ez dago: ahal zen guztia egin dugu eta ez da posible izan». Lagunaren penaren eta norberaren ilusioaren artean Esker gutxiko egunak pasatzen ari da Beñat Rezusta, Buruz Buruko finalera atzeko atetik sartzea ez baita inork amesten duen modua. Lehen egunetik bertatik oso argi utzi zuen bezala, finala Jokin Altunak eta Iñaki Artolak jokatu beharko luketela uste du, beraiek izan baitziren finalerdietako garaileak. Laguna du, gainera, alegiarra, eta alde horretatik pena hartu du finala jokatzeari uko egin behar izan diola jakinda. Hori bai, «lesioak kirolaren parte» direla jakinda, parean tokatu zaion aukera ederra dela ezin du ukatu. Finalean egongo dela jakindakoan egindako lehen hitzetan, Rezustak onartu zuen azken asteak «luze» egin zaizkiola, egunotan «denetik» entzun duela, baina, inguruko zarata erabat alboratzerik izan ez badu ere, berak berea egin duela, hau da, «finala nik jokatu beharko banu bezala prestatzen aritu naiz, ondo entrenatu ahal izan dut», nabarmendu zuen. Buruz Buruko lehen finala izango da Bergarakoarentzat. Bide batez, 2008an Abel Barriolak egin zuenetik, finala jokatuko duen lehen atzelaria izango da. Finalerdietan galdu arren, ez du motibaziorik faltako. «Motibatuta berdin-berdin irtengo naiz; hori ez da arazo izango, soberan izango dut motibazioa. Gero, gainera, legeak direnak dira, ni finalean banago hirugarren postu hori lortu nuelako da», gaineratu zuen. J.O.