GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Neke demokratikoa


Neke pandemikoarekin batera egun indarra hartzen ari den kontzeptua da neke demokratikoarena. Jan Wener Müller edo Peter Mair bezalako autoreei irakurri diet «alderdi politikoez osatutako demokrazia-aroa amaitzear legoke». Eta hau ere bai: «etorkizun ez urrun batean boto kutxak ere desagertu egingo dira». Eta zer pentsatua eman didate. Izan ere, lau urtero hauteskundeak antolatu, bozketan parte hartu eta gero agintariek nahi dutena egiten dutela ikustea litzateke neke honen sintometako bat. Mendebaldeko demokrazia liberaletan oraintsu arte ideologikoki ongi zehaztutako bloke homogeneoek ematen zuten botoa; baina egun, alderdi ezberdinek eskaintzen dituzten programen kontsumitzaile bilakatu ei gara. Gazteenak batez ere. Antza ez daukate ideologia jakin bat eta azken momentura arte itxaroten dute botoa emateko. Hau da, hauteskunde programen arabera azokan zer dagoen ikusi eta gehien gustatzen zaien produktua erosiko lukete, era prosaiko batean esateko.

Salerosketaren sistema kapitalistan bizi garenez, dena saltzen ahal da eta dena erosi. Jendartea merkatu handi bat da eta politikan ere, ikusi ahal izan dugunez, botoak saldu eta erosi egiten dira. Neke honek lekarkeen desideologizazio eta despolitizazioaren ondorioz, alderdiak ere, kudeaketaren pragmatismoari lotuta, despolitizatu eta produktuen saltzaile bilakatuz doaz apurka. Efikaziak balio du, ez helburu politikoek. Akabo helburu batzuen alde egiteko politikaren arte noble hori, ongi argudiatutako mezu sakon haien zirrara, jendea txaloka jartzen zuten hizlarien oratoria garden eta ozena. Ahaztu hitz sakonen aro hori guztia. Konkordiaren aroan sartu gara. Madril askatasunaren sinbolo bihurtu da. Mezu sinpleek balio dute. Eta okerrena da funtzionatu egiten dutela.

Beraz, autoreok irudikatzen diguten neke honen ondorengo postdemokrazian demokraturak edo gobernu teknokratak gailenduko lirateke, betiko politika suntsitzaileak lehenetsiz, baina hori bai, terraza batean garagardoa hartzeko askatasuna izango genuke. Eta, gainera, sinistu egingo dugu aske garela.