GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Zapi gorridun furgonetak


Zapi gorria janzterik izan ez dugun egunekin batera, errepideak autokarabanaz josiko diren garaia hasi da. Bada honen inguruan piztu den nolabaiteko polemika, baina nik nahiago dut atzerako ispilutik zapi gorria zintzilik daraman furgonetari konplizitate keinu bat egin. Badut, ordea, azken egunotan burura etorri zaidan hainbat gogoeta.

Furgonetan bidaiatzeak askatasuna ematen duela entzun dut azken boladan. Distantziak zuk zeuk markatu ditzakezula eta ez dela mugarik, ez dela nora jo esango dizun inor. Furgonetak aske egiten zaituela.

Gogoan dut nik zapi gorria jantzita neramala egin nuen bidaia. Gauez egin nuen, gehienak egin ohi genituen moduan. Akaso, hargatik ez genuen eskuratzen autokarabanek duten ikusgarritasuna.

Gauez eta ezkutuan bidaiatu duten furgoneta asko izan dira gurean; guretik irten eta gurera etorritakoak. Askok gauez bidaiatzen zuten. Batzuek preso ziren horiengana eramaten gintuzten. Beste batzuetatik, ordea, gizon armatuak irten izan dira, gureak tirokatzera. Bidaia denak, askatasun sentsaziotik oso urrun.

Gaur, uztailak 8, denbora gelditu izan balitz bezala gaude eta zurekin oroitzen gara, German. Zu eraman zintuen Pamplona ez da sekula bera izanen. Zuk utzi zenigun Iruñean itxarongo diegu beste denei, gauean eraman zituzten horiei denei. Horrela ekin ahal izango diogu berriz askatasun bidaiari.