Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Argia han, itzala hemen

Koiunturakoa da goiko politika ofiziala, inolaz ere, koiunturaren mende dagoelako. Hemengo politika, hango koiuntura, betiere. Horra Euskadiko autogobernuaren mugak, hango aginterriko koiunturak jarrita. Horra, kasurako, urtean behin zezen-larruko lekuren batean egiten duten presidenteen konferentzia zer hori. Iaz legez aurten ere berdin, Ajuriaeneko maizterrak azken unean iragarri bere asmoa! Aurretik Afganistango kristauek beraiek ere bazekiten asmo bera; bai, banoa! Zergatik eta… azken unean in extremis lortu delako akordioren bat edo beste autogobernurako on-ona…

Ama, ama! Aldebikotasuna ulertzeko modu aldrebesa gero! Konferentzia aldeaniztunean aldebikotasuna bermatzea erreka bateko ur geza itsasoratzean ozeanoan bermatzearen parekoa da… Are gehiago, nago ni errazagoa dela azken hori, aritmetika kontuagatik baino ez bada ere! Total, kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoaren bilera baterako hitzordua izan da aurtengoan konferentziarako sarbidea eman duena. Ea datorren urtean zein den. Koiuntura halakoa!

“Ez dira moduak” edo, esan du Ajuriaeneko maizterrak, argazkirako lekua hartzen zegoela. Ados horretan, baina modu zaharrak dira horiek, betiko modu transgenikoak… Hortaz, aldebikotasunak bestelako normaltasun berria beharko luke, osasun hutsagatik, birusaren aldaera zentralari bermez aurre egiteko, bertatik bertara.

Segurtasun juridikoa ekarri behar zuen Eusko Legebiltzarrean orain gutxi onartu zuten pandemiaren aurkako legeak. Gogoratzen ote du inork? Zer segurtasun eta segurtasun oste da horrena? Presidentea beti dago lehendakariaren gainean; ez da itzulpen kontua, itzalpe kontua baizik; batek argia han eman eta besteak itzala hemen hartu. Itzela da autogobernuaren itzala! Bestelako txipa behar du auto horrek… Zero kilometroko txipa betiere, gobernantza berrian…