GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Basoa bai berde!


Ea aurten eguzkiak ez al duen beste urtetan baino eskasago berotu»… hori da behin eta berriz gazte jendeak galdetzen didana. Beroak, egia da, ez du harrapatzen beste uda ugaritako hogeita hamar gradu eta handik gorakorik. Ez da hotza, ez sufritu beharrekorik, baina ez da beroa ere, beroxka ahul batekin beharko konforma.

Bestalde, gure paraje bakoitzarekiko, itsasotik gertuan izan, edo mendi eta baso altuetatik gertuago, gogoan behar dugu hartu, aireak bere hezetasuna gordetzen duela: eta horrek deragiola bere detaileak zaintzen. Gure eguzki jaunak bero dexente omen du labean; hala diote zientzialariek: 15 milioi gradutan piztuta dagoela bera.

Labe horretakoa bafadaka zabaltzen denean, zer edo zer freskoago den tartetxoa uzten omen du: holakoetan sortzen omen zaizkio eguzki-orbanak deitutako mantxatxoak: hamaika urte pasatxo dirau orbanon zikloak. Lurrak bero gehixeago jasotzen omen du horrelakoetan.

Jakiterik balego, zenbat ote den eguzkiak, segundo bakoitzeko, zein bero bidaltzen digun honuntzaka... Ba, 11.600 milioi tona ikatz segundo kolpe batean erreak. Zenbatsu den ohartzeko, ehun tona ikatzdun kamioiak ilaran jarrita, 116.000.000 kamioi lirateke... kilometro askotxo, segundo bakoitzeko... eskerrak ez dela junto dena tokatzen, ezta?