AUG. 08 2021 Sarek nabarmendu du 7/2003 Legea salatzen jarraituko duela Villacisneros Fundazioak eta Guardia Zibilaren gertuko elkarte batek irailaren 18an egingo den martxa debekatzeko eskatu ondoren, Sarek gogora ekarri du mobilizazio horren helburua euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko egoera eta, zehazki, 7/2003 Legea salatzea dela. Besteak beste, kartzelan 31 urte eman dituen Unai Parot da lege horren ondorioak jasaten ari den euskal presoetako bat, eta horren harira antolatu dute ekimen hori Arrasaten. GARA BILBO Irailaren 18an 31 kilometroko oinezko martxa egingo dute Arrasaten euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, Sarek eta Elkartasun Eguna taldeak antolatuta. «Unai Parot presoari, beste hainbat euskal presori moduan, ezarritako 7/2003 Legea salatzea du helburu», nabarmendu zuen atzo Sarek, sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean. Oharrean gogora dakar denbora daramala lege hau bertan behera gera dadin eskatzen, «bizi osoko zigorrerako bide dela ulertzen baitugu». Eta horren adibidea da, hain zuzen, Unai Paroten egoera; izan ere, 31 urte pasatu ditu kartzelan, bere anaiak bezala. Ion Kepa Parot Estatu frantsesean dago preso, Mureteko kartzelan; eta Unai, aldiz, espainiar Estatuan, Leongo espetxean. Debeku eskaerari erantzun Mezu honekin, euskal presoen eskubideak aldarrikatzen dituen sareak martxaren debekua eskatu duen elkarteari erantzun dio. Izan ere, Gobernu espainolak EAEn duen Ordezkaritzak Auzitegi Nazionaleko fiskalburuari helarazi dio Villacisneros Fundazioak egindako eskaera. Maria San Gil PPko buruzagi ohia presidenteorde duen fundazio horrek mobilizazioaren debekua eskatu du, eta ez da izan haren kontra agertu den elkarte bakarra: Guardia Zibilaren Elkarte Judizialak ere ekitaldia galarazteko eskatu die Madrilgo eta Gasteizko gobernuei. Ikusteko dago eskaera horrek zer ibilbide duen, baina antolatzaileek mobilizazioari eusten diote. Arrasateko hainbat eragilek parte hartuko dute bertan, eta, besteak beste, 31 taldek kilometro bana egingo dute lekukoa eskutik eskura pasatuz. Tartean izango dira, uztailaren 19ko aurkezpenean azaldu zutenez, euskaltzaleak, pentsiodunak, kirolariak, auzo elkarteak, ostalariak, dendariak, feministak, zinegotzi eta alkateak, sindikatukideak, musikariak, dantzariak, dispertsioa zuzenean ezagututako presoen senideak eta bestelako herritar eta erakundeak. Martxaren bidez zera aldarrikatuko dute: euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dutela; eta gaixo daudenek eta 70 urtetik gorakoek etxean egon behar dutela, gradu progresioa aplikatuz eta baimenekin ateratzeko aukerarekin; baita hiru laurdenak beteta dituztenek ere, baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta salbuespenezko legeekin epaitutakoei, legedi arrunta aplikatzea.