GARA Euskal Herriko egunkaria

65 hildako zenbatu dituzte Kabiliako suteetan


Duela egun batzuetatik hona Mediterraneo inguruan piztutako suteek aurrera egiten jarraitzen dute Aljeriako Kabilian. Behin-behineko datuen arabera, 65 pertsona hil dira; horien artean 25 militar, sua itzaltzeko lanetan laguntzen ari zirenak.

Egoera kezkagarria da Italiako hegoaldean ere; batez ere, Sizilian eta Calabrian, armada mobilizatu baitute suteen aurkako borrokan laguntzeko. Grezian, berriz, begirada guztiak Eubea uhartean daude, non foku ugari oraindik aktibo dauden, eta Turkian sute bakarra geratzen da, Mugla probintzian.

Tenperatura altuek, hezetasun faltak eta haizeek alerta egoeran mantentzen dute eskualde osoa, gutxienez igandera arte, orduan egungo bero bolada arintzen hastea espero baita.

Joan den astelehenaz geroztik Kabilia suntsitzen ari diren ehun suteak «tragedia» bat dira, Aymen Benabderrahmane Aljeriako lehen ministroaren arabera eta, lehen zantzuen arabera, «ahalik eta kalte handienak eragiteko» eragin dituzte suteak.

Hotel eta unibertsitate-egoitza guztiak konfiskatzeko agindu zuen Benabderrahmanek, suteetatik ihes egiteko ebakuatu zituzten ehunka bizilagunei ostatu emateko.