GARA
les cayes

Kalte handiak eragin dituzte lurrikarak eta «Grace» ekaitzak Haitiko eskoletan

Unicefek eta Haitiko funtzionarioek egindako azterketek erakutsi dute lurrikarak asko kaltetu dituela eskolak. Larunbatean jazo zen sismoa, eta astelehenean «Grace» depresio tropikalak eraso zien. Hondamenik handiena izan duten hiru departamentuetako batean egin dute ebaluazioa.

Ikasturtea hasteko aste gutxiren faltan, lurrikararen eraginez Haiti hegoaldeko departamentuko 255 eskoletatik 94 erabat suntsituta daudela edo zatiren batean kalteak izan dituztela diote Unicefen eta tokiko funtzionarioen ikerketaren lehen emaitzek.

Oraindik ez dituzte larunbatean gertatutako mugimendu sismikoek gehien kaltetu dituzten beste bi departamentuak, Nippees eta Grand'Anse, behatu, ezta beste komunitate batzuk ere.

«Izugarri zaila izanen da gurasoentzat, irakasleentzat eta gobernuarentzat hiru asteren buruan ikasleak modu seguruan eskolara itzultzea, aurreikusia zegoen bezala, irailaren 7an», adierazi zuen Bruno Maes Unicefeko ordezkariak, Les Cayes-etik hurbil dagoen Mazenod-eko eskola hondatu bat bisitatu ondotik.

«Baina funtsezkoa da muturreko klimaren eta lurrikararen esperientzia traumatiko honetatik pasatu diren umeentzat normaltasunera eta egonkortasunera bueltatzea, ikasgelan lagun eta irakasleekin elkartuz», erantsi zuen.

2.189 hildako gutxienez

Heriotzaren eta hondamenaren tamainaren berri ematen duten zenbakiak gora doaz egunak pasatu ahala. Asteazken gauean gutxienez 2.189 hildako, 332 desagertu eta 12.268 zauritu zenbatu zituzten. 115.000 etxetik gora hondatu dira eta 580.000 pertsona inguruk, aipatutako hiru departamentuetako biztanleriaren %40k, urgentziaz artatzea behar izan dute.

«Azken hondamendi hau azken bi urteotako covid-19ari gehitu zaio. Haurrak hilabeteetan egon dira eskolara joan gabe», oroitu zuen Maesek.

«Haitiko haurrek elkartasuna eta babesa behar dituzte. Dena galdu duten guraso eta irakasleek laguntza beharko dute. Eta baliabideak behar ditugu ikastetxe batzuk berreraikitzeko, beste batzuk birgaitzeko, klaseetarako mahaiak lortzeko, baita ikasteko beste materialak ere. Umeak ikasgeletara itzultzea da, agian, eurek eta beren familia eta komunitateak bizkortzen doazela segurtatzeko modurik onena».

Unicef bizitzak salbatzeko baliabideak bidaltzen ari da kaltetutako guneetara (botikak, ur edangarria eta garbiketa produktuak tartean), uholde eta lurraren erorketek iristea zailtzen duten guneetara ailegatuz.

Haurren eskubideak defendatzeko lan egiten duen Nazio Batuen agentzia honen kalkuluen arabera, 12,82 milioi euro beharko dira behintzat 380.000 lagunen premiazko beharrei erantzuteko (bost urtetik beherako 167.000 haur barne) zortzi asteko epean.

Finantziazio behar hori berraztertu eta egokituko dute lurrikarak haur eta familiengan izan duen eraginaren ikerketan sakondu ahala.