GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Ez-uda


Uda meteorologikoari amaitzeko lau egun eskas geratzen zaizkion honetan, denok bat etorriko garen ondorio bat atera dezakegu: ezohikoa izan dela. Bai behintzat ipar-isurialdean eta, batez ere, kostaldetik gertu.

Ezohiko uda hau bitan banatu zaigu eguraldiari dagokionez. Ezberdintasun handia izan da ipar-isurialdetik hego-isurialdera. Antizikloia Azore uharteetan kokaturik egon izanak gugana egun askotan ipar-haizea bidaltzea eragin du, horrekin ipar partean eta kostaldetik gertu hodei asko pilatu delarik. Aldiz, ipar-haize horrek hezetasuna galdu du banalerroko mendiak gainditzean, hego-isurialdean askoz eguraldi argiagoak utziz.

Kontraste horrek tenperaturetan isla nabarmena utzi du. Kostaldetik gertu eta Kantauri isurialdearen barnealdean uda ohikoa baina hotzagoa izan dugu, batez ere, kostaldetik gertu, non anomalia termikoak nabarmenak izan diren. Aldiz, hego-isurialdean eguraldi eguzkitsuagoak izan direnez, batez besteko tenperaturak ohikoagoak izan dira, nahiz eta bertan ere txoko askotan batez besteko tenperatura ohikoa baina freskoagoa izan.

Prezipitazio aldetik ere uda eskasa izan da. Ekaineko ekaitz batzuk salbu, oso uda lehorra daramagu. Uztaila eta abuztua bereziki lehorrak izan dira, leku askotan egiten duen euriaren erdia ere egin ez duelarik.

Ea udazkenak behar-beharrezko dugun euri hori ekartzen digun, lurrak eskertuko du eta.