EDITORIALA

Merkel ordezkatzeko faboritorik gabeko lehia

Koalizioak osatzeko negoziazioak nekagarriak dira eta ez dute beti emaitza garbirik ematen. Irailaren 26ko Alemaniako hauteskunde orokorrek ez dute panorama samurra utziko, alderdi nagusien gainbeherak gainerakoen artean boto banaketa handiagoa ekarriko baitu, eta, horrekin batera, koaliziorako aukera gehiago. Eta, jakina, hori Angela Merkelen esperientzia eta autoritaterik gabe egin beharko da. Izan ere, Merkelen hutsuneak nolabaiteko desorientazio politikoa ekarri duela dirudi: jokoan dagoena hain garrantzitsua izanik –Europako ekonomia handienean aro berri bat–, alderdien arteko ahaleginak anbizio gutxikoak izan dira gaurdaino. 16 urteren ondoren, Alemaniari kantziler berri bat izatea zer den ahaztu egin balitzaio bezala.

Aukera asko, hainbat koalizio potentzial, aurreikus daitezke. Botoa emateko patroiak inoiz ez bezain aldakorrak diren honetan, hauteskundeen emaitza urte askoan izan dena baino aurreikusezinagoa izango da. Badirudi hurrengo kantzilera eta gobernua ateak itxita erabakiko direla alderdien artean, ultimatum eta eztabaida artean. Itxura guztien arabera, 1950. urteaz geroztik lehen aldiz hiruko gobernua osa liteke. Hiru hautagai nagusiek, Armin Laschet CDUko buruak, Olaf Scholz SDPkoak eta Annalena Baerbock Berdeenak, beste alderdiei begiratu beharko diete; bereziki, liberalei eta Die Linkeri.

Funtsean, bizpahiru aukera nabarmentzen ari dira: CDU-Berdeak-Liberalak koalizioa, SDP-Berdeak-Liberalak eta, urrunago ikusten den arren, gogo onez baino aritmetika beharragatik izango litzatekeena eta hedabide askotan deabrutu dena: SDP-Berdeak-Die Linke ezkerreko koalizioa. Azken honi jada jarri dizkiote marra gorriak: NATOrekiko eta Europar Batasun subirano eta indartsu batekiko konpromiso garbia, diruarekin zuhur izatea eta hazkunde ekonomikoaren alde egitea. Merkel ordezkatzeko lasterketak ez dauka faboritorik, baina bere alderdiak garaipenerako zeukan abantaila argia galdu duenetik, emozioa bai.