GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Pandemiaz harago balio behar duten ikasgaiak


I kasturte berria hemen dugu; ate joka, herrialde batzuetan, eta dagoeneko martxan, beste batzuetan. Ikasleek ohiko urduritasunarekin abiatuko dituzte klaseak, baina baita ere azken urte eta erdian kolpatu gaituen pandemiak eragindako beldur eta zalantzekin. Ikasleek, irakasleek eta gainerako langileek. Ez dute lan erraza izango, ez batzuek ez besteek, eta ekainaren bukaeran birusaren hedapen txikiak itxaropen printza batzuk piztu bazituen, uda honetan jazotakoak argi utzi du oraindik asko falta dela nolabaiteko normaltasunera itzultzeko, kalean bezala eskolan ere.

Ildo horretan, Lakuako Gobernuko eledun Bingen Zupiriak ez zuen atzo asmatu joan den ikasturtea «normaltasunez» igaro zela esan zuenean, ez baitzen inondik inora hala izan. Hilabete horietan hamaika gela itxi behar izan ziren eta bertako ikasleak konfinatu; eskola batzuk klaserik eman gabe egon ziren zenbait egunetan; eta, noski, neurriak zorrotzak izan ziren guztietan, ezinbestean. Normaltasunik ez, beraz. Baina horrek ez du ezabatzen ikasturtea aurrera ateratzea lorpen handia izan zela, hezkuntzako eragile guztien lanari esker posible izan zena. Meritu handia dauka ikasle, langile eta gurasoek testuinguru oso zailean egin zutenak eta, gainera, aurrekari horrek datozen hilabeteetarako konfiantza ematen du. Ekainera arte ikasitakoak irailetik aurrerakoa errazagoa egingo du.

Baina baliagarriak izan ziren gauzak mantentzea bezain garrantzitsua da gaizki egin zirenak ez errepikatzea. Eta ez dira gutxi hobetu beharko liratekeenak. CO2 neurgailuak zentro guztietara hedatzea, eskolaz kanpoko ekimenak ugaritzea, langileen osasun mentala hurbilagotik zaintzea, konfinatutako ikasleentzat beren-beregi irakasleak bideratzea... gauza asko daude txukun eginez gero joan den ikasturtean hala moduz lortutakoa orain nota onarekin erdiesteko balio dezaketenak. Eta, bestetik, badira zenbait gabezia urte luze honetan nabarmen geratu direnak eta pandemia bukatzerako konponduta beharko luketenak, hala nola irakasleen lan karga jasangaitza, ratio altuak eta eragileekin dagoen interlokuzio eskasa. Ulergaitza litzateke birusa joan eta gaitz horiek gure eskoletan jarraitzea.