SEP. 11 2021 MIKROALGA POTENTZIALKI TOXIKOAK KLIMA LARRIALDIA, ATE JOKA EUSKAL HERRIKO KOSTALDEAN Abuztuan Lapurdin hondartza batzuk itxiarazi eta gero, «Ostreopsis cf. siamensis» mikroalgak arazoak sortu ditu aste honetan Donostian ere. Ez da berria, baina bere ugaritzeak sorpresa sortu du zientzialarien artean. Horrela aitortu du Aitor Laza EHUko biologoak. Beñat ZALDUA Zintzoena, agian, egiarekin hastea da: ez dakigu gauza handirik aste honetan Donostiako hondartzetan, eta abuztuan Lapurdiko hainbat lekutan, intoxikazio kasu batzuk eragin dituen mikroalgari buruz. Izena bera ere, Ostreopsis cf. siamensis, prebentzio batzuekin hartu behar da, zinez, oraindik deskribatuta ez dagoen Ostreopsis generoko mikroalga bati buruz ari baikara. Gauza batzuk, ordea, badakizkigu, tartean gertaerok klima krisiarekin lotura estua daukatela. Ez dugu zertan Artikora joan behar aldaketaren zantzuen bila, beraz. Horrela azaldu du Aitor Laza EHUko biologoak. Bere ikerketa taldea izan zen, 2006an eta 2007an Ostreopsis cf. siamensis mikroalga Kantauri itsasoan, eta oro har Europako Atlantikoko kostetan, lehen aldiz topatu zuena. Horrek esan nahi du ordura arte ez zegoela? Lazak tentuz erantzun du ezin dela jakin, ordura arte ez zelako horrelako azterketarik egin gure kostaldean: «Gure eskualdean dauzkagun alga espezieen zerrendan, beste bat da mikroalga hau». Alegia, jarri izan zaion «exotiko» izenondoa gehiegizkoa izan daiteke. Horrek ez du esan nahi aldaketa klimatikoak eraginik izan ez duenik. Uraren tenperaturaren igoerak ez du bakarrik espezie berrien sarrera ahalbidetzen; bertakoak diren espezieen jokaera ere alda dezake, oreka ekologikoaren hausturaren ondorioz. Mikroalgen kasuan, ondorio bat izan daitezke loraketa masiboak –bloom hitz ingelesa erabiltzen dute zientzialariek–. Lazak argi dio: «Guk espeziea 2007an topatu genuen, baina ez genuena espero zen Mediterraneoan izan dituzten bloom horiek guk ikustea; benetan, nik ez nuen espero hain goiz gertatzea». Lotura zehatzaren bila EHUko ikerlariaren arabera, mikroalga hauek ematen dituzten arazoak klima aldaketarekin, eta bereziki uraren tenperaturaren igoerarekin, lotura daukatela «kontsentsuzko puntua» da komunitate zientifikoan. «Gure kostaldean, klima aldaketarekin lotuta dauden ekosistema alterazioen erakusleetako bat da», Lazaren ustez. Ez bakarra. Algekin lan egiten duen EHUko beste ikerketa talde batek atzeman du nola azken hamarkadetan Gelidium alga gorrien populazioa dezente murriztu den euskal kostaldean. «Ikerketa talde horren ondorioa da galera hori klima aldaketarekin lotuta dagoela». Ostreopsis cf. siamensis mikroalgaren kasuan, dena den, lotura hori nola zehazten den ez dago garbi. Nahiz eta Mediterraneoan arazo gehien sortu dituen espeziea Ostreopsis ovata izenekoa izan –toxikoagoa–, bertako lanak dira gaur egun erreferentzia, jokaera antzekoa izan dezakeelako hemengo espezieak, eta urte gehiago daramatzatelako arazoa ikertzen. «Tenperatura aldagai bat da, baina parametro asko topatzen ditugu, gauzak ez dira nahi bezain sinpleak», dio. Orain arte topatu duten korrelazioak, tenperatura maximoarekin baino, gutxieneko tenperatura batetik gora nahikoa denbora izatearekin du lotura gehiago. Alegia, gutxieneko tenperatura lehenago igotzen den kasuetan, badirudi aukera gehiago daudela bloom hauek gertatzeko. «Aurten gure kostaldeko tenperatura ez da aurreko urteetan bezainbeste igo, baina agian alga honi hobekien etortzen zaiona ez da tenperatura maximoa altua izatea, ura 20 gradura ekainean iristea baizik, uztailean ordez», azaldu du Lazak. Bestalde, zeharo baztertu du aste honetako tenperatura altuek eragin izana intoxikazio kasuak. «Abuztu hasieran, Lapurdin arazoa egon zenean, ez zen bero olaturik egon», gogoratu du. Zeren araberakoa da toxikotasuna? Toxikotasunaren inguruan ere hipotesiak dira nagusi, izan ere, «gauza asko daude ez dakizkigunak alga honen inguruan», Lazaren arabera. Edonola, alarmismoa baztertu du, sintomak larriak ez direla gogoraraziz. Algak zeren arabera askatzen dituen toxinak, ordea, ez dago jakiterik oraintxe bertan. Mikroalga kopurua aldagai bat da, jakina, baina ez bakarra. «Zenbat eta alga gehiago, aukera gehiago arazoak egoteko», dio Lazak. Horrekin, ordea, ez da nahikoa: «Alga horiek gero toxinak ekoiztu behar dituzte, algak bere horretan toxikoak ez direlako, eta ez dago garbi toxikotasun hori zeren arabera agertzen den gehiago edo gutxiago». Galderak erantzunak baino gehiago dira, beraz, Kantauri itsasoan azken hilabetean intoxikazio arin batzuk sortu dituen mikroalgari buruz. Eta ikerketa geldoa da, Lazak gogoratu duen bezala: «Hau ez da koronabirusa». Aldaketa klimatikoak aurrera jarraitzen duen neurrian, ordea, ez da zaila horrelako gertaera gehiago irudikatzea.