SEP. 13 2021 GUTUNAK Arrotxapeko gazte mugimenduarekin elkartasuna MARISA ZUBIRI ARGIñARITZ ETA IZASKUN ARRIARAN IRIBARREN Arrotxapeko Talde Feminista Urte batzuk dira Arrotxapeko gaztetxeak ibilbidea hasi zuenetik. Ordutik asko izan dira bertatik pasatutako pertsonak, proiektuak eta ametsak; auzoari ezinbesteko ekarpena eginez. Gaztetxea bezalako gune autogestionatuak ezinbestekoak dira auzo bizi eta anitza eraikitzeko eta gure bizitzen jabe izateko. Merkatuaren legeetan eta irizpide misoginoetan oinarritzen diren azpiegitura publiko eta pribatuen aurrean, Arrotxapeko gaztetxean ikastaroak, ikuskizunak, autodefentsa tailerrak, kontrainformazio guneak, jaialdiak eta abar antolatu izan dira. Hala nola, bizi dugun sistema espekulatzaile eta ustel honi aurre egiteko arnasguneak sortuz, antolakuntza eta elkarguneak sendotuz, eta gaur dugun sistema kapitalista eta heteropatriarkala guztiz arrakalatuz. Gaztetxea beharrezkoa dela uste dugu, gune asanbleario eta horizontalak izateko pausoak ematen dituelako eta sistema patriarkalari ere hausturak eragiten dizkiolako. Irailaren 2an poliziaren aldetik bizi izandako errepresio basatia eta neurrigabea onartezina da. Argi adierazten dugu ez dugula gure kaleetan indar polizialik nahi! Horregatik guztiagatik, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu auzoko gaztetxeari eta gazteei eta egun hauetan izango diren mobilizazioen deialdiak berresten ditugu. Adreiluzko paretetatik haratago, gure ilusioak eta ametsak ez dituztelako errepresioarekin akabatuko! Arrotxapeko gaztetxea bizirik!