GARA
brusela

Indarkeria matxista nazioarteko delituen zerrendan nahi du Europak

Europako Legebiltzarrak proposamena onartu du indarkeria matxista nazioartekoko delituen zerrendan sartzeko. Emakumeen aurkako indarkeria Europako zigor kode guztietan krimen gisa tipifikatuko duen zuzentaraurako lehen pausoa izan daiteke.

Europako Legebiltzarrak Bruselari atzo eskatu zion proposamen bat egin dezala indarkeria matxista nazioarte mailako delituen zerrendan sartzeko. Urrats hori funtsezkoa izango da etorkizunean emakumeen aurkako indarkeria Europako zigor kode guztietan krimen gisa tipifikatuko duen zuzentarau baterako, gutxieneko estandar komun batzuekin.

Euroganberak proposamena onartu zuen aldeko 427 botorekin, aurkako 119 botorekin eta 140 abstentziorekin.

Gutxieneko arauak

Europako delituen zerrenda tratatuen artikulu batean jasota dago, eta artikulu horrek aukera ematen du delituen eta haien zehapenen definizioari dagokionez «gutxieneko arau» batzuk finkatzeko, «bereziki larriak diren eta mugaz gaindiko dimentsioa duten delituen esparruetan». Bada, Legebiltzarrak iritzi du genero indarkeriari tratamendu hori eman behar zaiola, terrorismoarekin edo gizakien salerosketarekin egun egiten den bezala. Horrenbestez, Europako Batzordeak proposamen zehatz bat egin dezake genero indarkeria prebenitu eta borrokatzeko.

Europako Parlamentuak uste du zuzentarauak Istanbuleko Hitzarmenaren estandarrak erabili beharko lituzkeela (adibidez, bortxaketaren definizioan adostasunik izan ezean), eta biktimak babesteko eta laguntzeko neurriak eta delituen eta zehapenen definizioan gutxieneko estandarrak sartu beharko liratekeela.

Era berean, eurodiputatuek eskatu zuten adingabeen zaintza eta bisita eskubideen aldeko borroketan, indarkeria matxista tartean den kasuetan, «arreta berezia» jartzea. Horrekin batera, abortu seguru bat ukatzea ere genero delitutzat har dadila galdegin zuten.

Eskaera hori izan zen desadostasuna sortu zuen puntuetako bat, Legebiltzarreko talde eskuindar batzuk ez baitaude eroso definizio horrekin.