GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Sumendiak eta klima


Aurten naturak hainbat ikuskizun eskaini dizkigu: uholdeak, elurteak, urakan indartsuak, lurrikarak, eta abar. Hori gutxi balitz, Kanaria uharteetan dagoen La Palmako Cumbre Vieja sumendiak ere irudi eder bezain kezkagarriak utzi dizkigu azken egunotan. Baina gertaera geologiko honek izan al dezake kliman eraginik? Azken sumendi honen kasuan ez, baina izan da klima zeharo aztoratu duen sumendirik historian zehar.

1815. urteko apirilaren 7an, Indonesiako Tambora sumendia erupzioan sartu zen, eta bere errautsek berrogei kilometroko altuera harrapatu zuten. 90.000 pertsona hil ziren erupzio haren ondorioz. Mundu mailako kliman eragin handia izan zuen. Hainbeste errauts eta aerosol jaurti zuen atmosferara, non partikula horiek eguzki izpiak blokeatu zituzten, eta ondorioz mundu mailako batez besteko tenperatura asko jaitsi zen ondorengo hilabeteetan. Euskal Herrian, esaterako, 1816ko udako batez besteko tenperatura 3°C jaitsi zen. Urte horri «udarik gabeko urtea» deitu zitzaion mundu mailan.

Ekonomikoki galera handiak eragin zituen erupzio hark Europan. Nekazaritza produktu askoren galera ekarri zuen; horrek prezioen igoera handia ekarri zuen hainbat produktutan eta gizartearen sektore handi batean gosea ekarri zuen.

Naturak eskain dezakeen fenomenorik indartsuena da sumendi erupzioa. Ez dezagun gutxietsi bere indarra.