Ainara Aranberri Ruiz
GAURKOA

Umeen agresibotasunaren kudeaketa eta beste horrenbeste

Nire loretxo maitea, ura behar duzunez, ura, botako dizut, lehen, orain eta gero, jarraian, neurri gabe: behar duzulako ez zaizu inoiz urik faltako, zin dagizut. Lorea ito dut. Ene ama. Neurria eta egokitasuna. Egokitasuna: izatez diren baldintzak aintzat hartuz horien arabera era egokian beharrezkoak diren ekintzak burutzea. Izatez diren baldintzak ezagutzeko jakintza arloetara jo behar dugu.

Izenburura bueltatuz: zenbateko agresibotasuna pairatzen dute gaur egungo umeek eguneroko hartu-emanetan? Ziurtzat ditugun edo izan beharko genituzkeen hainbat lekuk ez dirudite jada ziurrak hainbat eta hainbat umerentzat (eta beste horrenbeste gizakirentzat) eta oraingoan eskoletako testuinguruetara mugatuko gara. Ziurtasuna ere erlatiboa denez, gauza konkretuak aipatuko ditugu: zenbatetan irteten dira gure txikiak eskolatik atximurrekin, arropa apurtuarekin, odoletan edo hainbat beltzune eta beste horrenbeste gauzarekin?

Istripuak gertatzen dira eta onartzen ditugu, eta ez gara, ez, istripuen inguruan ari, baizik eta beraien arteko agresibotasunaren inguruan. Bai, hori da, egunak joan egunak etorri umeek eskola inguruan elkar jotzearen gainean ari naiz. Eta gehien arduratzen nauena nagusiek agresibotasun hori nola kudeatzen duten da.

Psikearen ezagutza aldetik ez da gauza berririk aipatzen berriro gogorarazten denean ulermenean gaitasuna progresiboki garatzen doala, kortex prefrontala eta honen konexioak garatzen diren neurrian, eta hori nerabezaro ingurura arte gutxienez garatzen ari dela. Eta horrek zer eragin du agresibotasunaren inguruan?

Agresibotasunaren bulkadaren erregaia amigdalan aurkitzen da eta hori aktibatzean honek kortex prefrontala guztiz blokeatzen du. Saiatu al zara inoiz agresiboki ari den norbaitekin arrazionalki eztabaidatzen? Aditzaren denboran dago gakoa. Hau da: agresibo ari den horrekin ez dago arrazoinamendurik eta hori neurozientzien eta izatez dugun zentzutasunaren bidez uler dezakegu. Eta zentzutasunak laguntzen ez bagaitu, zientzia aukera egokia da.

Bestetik, filogenetikoki umeen ulermen gaitasuna ebolutiboki definituta dago. Beste galderatxo bat: saiatu al zara inoiz bost urteko umeekin Hegel-en “Fenomenologia” irakurtzen? Hemen zentzutasuna nabaria izango da ezetz biribila izango delako erantzuna. Gutxienez ulermenaren garapena beharko lukeelako horrelako irakurketa burutu nahiko balu, noski.

Enpatia. Besteen lekuan jartzeko dohaina. Ez da musu-truk. Izatez landu beharrekoa da hori ere. Eta hori norberak egiten dituenak norberak pairatzen dituenean ere lantzen da.

Agresibotasunak indarraren bitartez beharrezkoa ez den mina eragiten digu.

Agresibotasunean eroso ibili ohi den umeak berriro ume bat jo du. Oraingoan irakaslearen aurrean. Irakasleak aurretik agresibotasunean eroso dagoen ume horren agresibotasuna kudeatzeko, jotzailea eta joa izan dena, bakoitza esku banatatik helduak zituen. Beraiekin hitz egiten ari zen. Bata negarrez zegoen. Bestea irribarretsu. Irakaslea biei hitz egiten ari zitzaien. Negarrez ari zenari ere beldurraren estresaren ondorioz amigdala aktibatu zaio (berari eta gutako edozeini) eta horren ondorio zuzena ulertzeko gaitasuna kaltetzea izanda, ba honek ere gutxi uler zezakeen. Horrek segurtasuna eta maitasuna behar du. Eta joka ari dena gertu izateak ez du segurtasunik ematen.

Buelta gaitezen egoerara: irakaslea bi umeei hitz egiten ari zaie: kolpatua negarrez ari da eta erasotzaileak, Zidaneren antzera, bekokiarekin negarrez ari den umea berriro kolpatu du. Eta hemen, nire barrenetik, nik ama gisa egin izan dudana enpatia lantzeko aukera bezala ikusten dut: jotzailea era berean jotzea, baina, tira, ama bertan ez dagoenez ez omen dagokio irakasleari ama lanetan ibiltzea, ez jauna. Baina testuingurua ez da egokia.

Eta loreak ito dira. Irakaslearen azalpenak berriro jotzeko aukera eman dio agresibo zebilenari. Eta negarrez dagoena? Nork zainduko ditu negarrez daudenak?

Uraren neurrian dago koska. Agresibo dabilena koarentenan jarri behar da. Batetik: besteei minik ez egiteko, besteen eredu ez bilakatzeko eta berak agresibo izateari uzteko. Koarentenan? Ez dauka jakiekin zerikusirik. Harremantzea gauza ederra izan daiteke eta da ondo harremantzen direnentzat. Mina eragiten dutenek ondorio negatibo eraginkorrak pairatu behar dituzte harremantzen ikasteko. Agresibotasuna pil-pilean dagoenean azalpenek ez dute lekurik: ez. Agresibotasuna joana denean dute lekua eta beharra azalpenek. Loreek lurra lehor dutenean behar dute ura. Ur gehiegi dutenean, ez. Joka ari den umeak ondorio negatiboak bizi behar ditu. Ez zaitezte beldurtu hori irakurtzean. Fisiologikoki gure gorputza dinamika horretan fundamentatua dago: orkatila bihurritzen dudanean jasaten dudan minak geldi egotera behartzen nau hezurrik ez apurtzeko. Ondorio negatiboak ekiditeko dinamikan ari naiz.

Hortaz, umea agresibotasunean murgilduta dagoenean besteekin harremandu ezin denez, besteengatik urrun mantendu behar da lasaitu arte. Aldendu. Eta agresibotasuna gehiegizkoa bada, adibidez, kalean gaudenean, eraman ditzagun etxera lasaitzera eta edango ditugu ardoak edo garagardoak edo poleo-mentak beranduago. Edo ez dezagun ezer edan. Baina agresibo dagoena urrun mantendu, mesedez. Eta bereziki eskolan.

Eta hitz egin. Bai, noski. Gero lasai dagoenean hitz egiteko denbora izango duzue, bereziki orduan izango duelako umeak neuroanatomikoki gu entzuteko eta ulertzeko gaitasuna. Ea ba, enpatia garatuz, denon artean ez itotzeko adina ureztatzen ditugun etorkizuneko helduak.