Asier AIESTARAN
PILOTA

Lasok bide zuzenean jarraitzen du

Udan erakutsi duen maila bikainari segida emanez, argi menderatu zuen opari gehiegi egin zituen Jon Ander Peña tolosarra.

Unai Lasok pronostikoak bete zituen atzo Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta, Jon Ander Peñari 22-12 irabazita Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan sartzea lortu du. Ligaxka hori Joseba Ezkurdiaren aurka hasiko du datorren ostiral gauean Altsasun, eta multzo horretan Jaka eta gaur Lekeition jokatuko duten Urrutikoetxea edo Victor izango ditu beste aurkariak.

Apustuak oso argi irten ziren Unai Lasoren alde. Nafarrak uda bikaina osatu du, buruz buruko neurketetan maila bikaina emanez, eta argi utzi zuen atzo Lau eta Erdikoan ere hautagai nagusien artean dagoela. Berea oso ongi egin zuen Lasok hasieratik amaierara eta huts gehitxo egin zituen Peñaren aurka argi eta garbi nagusitu zen.

Hasieratik 5-0 aurreratu zen nafarra. Aurreneko bi tantoak Peñaren huts argiak izan ziren, maila honetan egin ezin diren opariak, eta hurrengo hiru tantoak Lasoren erremate bikainak izan ziren: ongi bildutako pilota bat, motzean egindako dejada eta horma-biko ederra –guztira sei egin zituen Bizkarretakoak jokaldi horrekin–.

Motz geratu zitzaion sake batek eman zion egoera iraultzeko aukera Peñari, baina tolosarrak ez zuen takadarik egin eta berriz ere Laso izan zen jokoaren ekimena bereganatu zuena. Mota guztietako erremate ederrak sinatuz, 9-2 aurreratu zen Atanoko markagailuan.

Kostata izan arren, azkenean Jon Ander Peña hasi zen ohikoa duen aireko joko erasokorra egiten, eta partidaren erdialdera ikusi ziren neurketako tantorik lehiatuenak. Segidan egindako hiru tanto ikusgarrirekin 13-8 inguratu zen gipuzkoarra, baina hortxe amaitu zen borrokarako joera, tantoak berriz ere Lasoren alde erortzen hasi zirelako bata bestearen atzetik.

«Tentsio handia nabaritzen zen kantxan, biok oso urduri geunden. Egia da beti aurretik egon naizela, baina urduritasun sentsazio horrekin aritu naiz bukaerara arte», aitortu zuen Unai Lasok amaieran. Izan ere, «uda oso ona egin dut eta partida hau klabea zen, irabaziz gero ligaxkan sartzen zarelako, oso pozik nago horregatik».

Peñak, bestetik, onartu zuen «opari asko» egin zizkiola aurkariari. «Maila honetan ezin da irabazi horrenbeste opari eginda. Aukerako pilotetan ere ez zait eskuan ongi sartu, ez nuen nahi nuen lekuan ipintzen; horrela ezinezkoa da».