Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

«Lexicon»-ekin, Neil Greshamek mugarria ezarri du trad-ean

Joan den irailaren 4an, 50 urteko eskalatzaileak bide horren lehen igoera egin eta E11 7a proposatu zuen. Britainiar eskaladatradizionaleko marra gogorrena bihurtu da. Handik bi astera, Steve McClure lehen errepikapena lortzeko gai izan zen.

Neil Greshamek ia hiru hamarraldi daramatza britainiar eskalada tradizionalaren abangoardian. Eta denbora horretan erabat obsesionatuta jardun du trad estiloko muturreko zailtasuna duten bideekin. Egun, 50 urte ditu, eta joan den irailaren 4an mugarri berria ezarri zuen. Ingalaterrako Pavey Ark izeneko eremuan (Lake District) “Lexicon” bidearen lehen igoera erdietsi zuen. Handik jaitsi eta eginikoaz hausnartu ondoren, marra horrentzat E11 7a zailtasuna proposatu zuen. Hots, orain arte trad estiloan egin den gogorrena.

Gure ingurumari honetan graduazio horrekin nahastu egiten garenez, esan behar dugu teknikoki 8b+ maila duela. Baina irakurle askok dakiten moduan, bide horietan tresneria finkorik (paraboltak, kimikoak...) ez dagoenez, arriskuari erabateko garrantzia ematen diote. Hala, “Lexicon”-ek benetako konpromisoa eskatzen du; izan ere, bidetik irten aurretik 25 metroko balizko erorikoa du. Hots, katera heldu aurretik, mugimendu aleatorio bat gainditu behar da, eta, asmatzen ez bada, aipatu dugun “hegaldia” gertatzen da.

Hortaz, britainiar trad estiloak lehen E11 maila aurkeztu du. Greshamek lorpen hori egiteko, muturreko makina bat proposamen kateatu behar izan ditu. E10 7a mailakoak, adibidez: “Equilibrium” (bigarren igoera) eta “Final Score” (lehen igoera).

“Lexicon”-i dagokionez, aipatu behar dugu “Impact Day” (E8 6c) pixka bat zeharkatzen duela, baina, ondoren, metro guztiak berriak eta independenteak dira. Greshamek azalpen gehiago eman ditu: «2019. urtean, udaberrian sartzen ari ginela, marra hori ikusi eta helburu gisa jarri nuen. Udazkenean lehen ekinaldiak egin nituen, baina garai hartan ‘Final Score’-rekin tartekatu nuen. Azken bide hori biribiltzea ez zen buruhauste handia izan, ‘Lexicon’-ek, aldiz, gehiegi eskatzen zidan. Oro har, erregeleta nimiñoak ditu; oso-oso zorrotzak. Eta horrekin batera, mugimendu lateralak, pare bat helduleku kamuts eta bi eta hiru hatzetakoak. Bestalde, behealdeko eta erdialdeko sekzioetan 7b eta 7c mailako blokeko sekzioak daude. Erresistentzia eta indarra eskatzen dituen tarte horrek 8b+ zailtasuna du. Baina benetako arazoa marraren amaieran dago. Bidearen azken giltza gainditu ondoren, babesteko lekuak desagertzen dira. Horregatik, katera iritsi baino lehen, mugimendu aleatorio batean, gaizki egiten bada, 25 metroko erorikoa dago».

Arestian aipatu dugunez, duela bi urte “Lexicon”-en mugimenduak probatzen hasi zen. Bere burua indartsu ikusi zuenean, eskalatzaile hau entrenamendu berezi bat egiten hasi zen: «Onartu behar dut marra horretan hobetzeko asko nuela; aitzitik, ez nuen etsi. Denok dakigu entrenamenduek bilakaera handia izan dutela; gainera, oso azkar. Proiektu hori plataforma perfektua zenez, inoiz egin dudan entrenamendu saio gogorrenei ekin nien. Lehenik eta behin, bidearen zehaztasunak ondo baino hobeto menderatu behar nituen. Eta, bestalde, miresten ditudan hainbat kideren inspirazioa behar nuen. Hatzak indartzeaz gain, indar maximoa eta erresistentzia landu nituen. Bide batez, ‘Lexicon’ aztertu nuenean, ohartu nintzen garaiera duten mugimenduei eta oinen kokapenari lehentasuna eman behar niela. Burua indartzeko, berriz, Stevie Haston-en eta Dave MacLeod-en aholkuak jaso nituen».

Bidearen zailtasunari dagokionez, Greshamek onartu du ez duela zalantzarik izan E11 maila proposatzeko. Steve McClurerekin luze eta zabal aztertu ondoren, bi eskalatzaile horiek bat etorri dira aipatu dugun mailarekin: «Muturreko trad estiloan eskarmentu handia duenez, Stevek asko lagundu nau. Biok ala biok argi genuen aurretik egin genituen E10 mailako hiru bideak baino gogorragoa zela. Azken-aurreko mugimendua, adibidez, oso berezia da, eta ez dakizu hatzek irrist egingo duten ala ez. Sekzio hori ‘seguruagoa’ balitz, argi eta garbi dut bide hau E10 izango litzatekeela. Nahiz eta Stevek eta biok argi genuen E11 dela, kritikak saihesteko ez dut E10 gisa aurkeztu. Egun, izaera horretako proposamen bat egitea ‘beldugarria’ da, bidea bera baino askoz ere gehiago. Jakina, balizko 25 metroko erorikoak indar handia du. Ez zara hilko, baina jaso dezakezun kolpea muturrekoa izan daiteke. Hitz batean esanda, ‘Lexicon’-ek neure mugetara eraman nau eta beste bide xede batzuekin alderatuta entrenamendu gogorragoak eskatu dizkit».

Iragan irailaren 4an, beraz, eskalatzaileak “Lexicon”-en lehen igoera erdietsi zuen. Argi zuen aukerak ezin zituela baztertu, Lake District-en izaten diren baldintzak eskuarki oso desegokiak direlako: «Sokakide batekin hurbildu nintzenean, baldintzak ez ziren oso txarrak. Gainera, ondo sentitzen nintzen. Nahiz eta oso sasoiko nengoen, banekien burua erabat indartuta izan behar nuela. Egun horretan bero egiten zuen, eta heldulekuak heze zeuden. Eta presioa areagotu aurretik, lagunei esan nien benetako ekinaldi bat egin behar nuela. Eta bikain atera zitzaidan».

McClure, bigarrena

Greshamek helburua lortu zuenean, muturreko beste espezialista batzuk ere “Lexicon”-i ekitera animatu ziren. Horietako bat, protagonistaren kide Steve MacClure. Hori ere beteranoa; izan ere, 51 urte ditu.

Gresham bera sokakide izan zuenez, bide horretan ez zuen eragozpen handirik izan mugimendu eta sekzio guztiak askatzeko. Den-denak lotu zituen, baina top-rope eran; hots, soka goitik zuela.

Benetako lehen ekinaldian, ordea, MacClurek ezusteko handia izan zuen. Marraren azken-aurreko mugimendua gainditzeko gertu zegoenean, azken asegurutik hamar metrora, oin batek irrist egin, eta 20 metroko erorikoa izan zuen. Hain zuzen ere, Gresham bera aseguratzen ari zen, eta adierazi du egoera beldurgarria bizi izan zuela: «Bazirudien denbora izoztu zela. Erortzen ari zen bitartean, soka blokeatu nuen. Eroriko bertikala denez, ia nire gainean erori zen. Erabat beldurtuta nengoen! Nahiz eta maniobrari gogor eutsi, egoera hori ez zen amaitzen. Erorikoa ez zen eten. Une jakin horretan pentsatu nuen gaizki kalkulatu genuela eta amaiera izango zela. Eta nire buru gainera iristeko oso gutxi falta zenean, sokak nire kidea paretaren kontra bota zuen. Talka gogor horren ondorioz, zorutik hiru metrora geratu zen. Ez dut nire ibilbidean horrelako egoera bat bizi izan!».

Zorteari esker ala ez, McClure onik atera zen eroriko horretatik. Gai horren inguruan ez du adierazpenik egin, baina onartu du, beldur handia pasatzeaz gain, helburu horretara itzultzeko kemenari eutsi behar izan ziola.

Eskalatzaileak adierazi du astebete behar izan zuela berriro itzultzeko: «Ez zen erabaki erraza izan, baina izaera horretako proiektu batean buru-belarri sartuta zaudenean, badakizu zer gerta daitekeen. Bigarren aukera horretan nire eskuineko oinak ez zuen irrist egin eta katera onik heldu nintzen».