Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Manasluko benetako tontorraz argibide gehiago eman dituzte

Azken egunotan, Mingma G alpinistak zuzendutako taldeak puntu garaiena erdietsi du, aldaera berri batetik eskalatu ondoren.

Duela pare bat urte, ikerketa batek adierazi zuen Manaslu (8.163 m) igo duten ia denek ez dutela benetako tontorra zapaldu. 8000ers.com webguneko zuzendari Eberhald Jurgalskik eman zuen informazio hori. Eta honako hau ere gehitzen zuen: hamalau zortzimilakoak igo dituztenen artean hogeita bost mendizalek ez dute benetako gailurra erdietsi.

Datu horiek bazter batzuk harrotu dituzte, baina, berez, ez da lurrikara sortu. Irudietan ikus daitekeenez, aldea dago mendizale gehienak geratzen diren puntu garaienaren eta benetako tontorraren artean. Ikerlan hori ebidentzian oinarrituta dagoenez, hemendik aurrera argitu beharko da zortzimilako horren historia berridatzi beharko den ala gailurra zapaldu dela baieztatzeko nolabaiteko tolerantzia eremu bat onartzen den.

Jurgalskik dio tolerantzia eremu hori onar daitekeela, baina gehitu du etorkizunean Manaslu eskalatu nahi dutenek azalpen zehatzak eman beharko dituztela: «Hainbat gailurren inguruan tolerantzia eremu bat sor daiteke, baina benetako tontor bat igotzen dutenek frogatu beharko dute hala izan dela. Horretarako, ohiko dokumentazio zehatza aurkeztu beharko dute».

Munduko zortzigarren mendi garaieneko tontor horren inguruan aipatu behar dugu aspalditik “mesfidantza” izan dela. Ikerlari horrek aipatzen duenez, mendizale gehienak benetako tontorraren aurretik geratzen dira. Ohiko ibilbidetik eskalatzen dutenek gailurreria amaitu eta ondoren azaltzen diren muino batzuk aurrez aurre izaten dituzte. Eta, hain zuzen, horiek sortu dute nahasmena. Batez ere, eguraldi gaiztoa denean.

Benetako gailurra igo dutenek argi eta garbi esaten dute azken muinoa gainditu, bost metroko rappel txiki bat egin eta ertz txiki batek Manasluk duen 8.163 metroko garaierara eramaten duela. Beraz, arrazoi bategatik edo bestegatik, mendizaleek sekzio hori saihesten dute. Ertz teknikoa da, zorrotza, 20 metroko luzera du eta azken muinoa baino 4 eta 6 metro altuagoa da.

Horri guztiari, sasoi ezberdinetan Manasluko sekzio horrek dituen elur oztopoak gehitu behar zaizkio. Gailur horrek aurpegi ezberdinak erakusten ditu. Sasoi lehorra bada, orduan arrokazko tarte bati egin behar zaio aurre. Eta horrek arrozkako muino batera eramaten du. Hots, benetako tontorrera. Elur asko dagoen sasoian, aldiz, egoera arras aldatzen da. Erlaitz zorrotz asko sortzen dira, eta tarte hori oso arriskutsua bihurtzen da. Horren ondorioz, espedizio batzuk ez dira gailurrerira heltzen; izan ere, bide klasikotik ertz hori ez da ikusten. Gehitu behar da Manaslu igotzeko ohiko sasoiek (udaberriak eta udazkenak) paradoxa bat islatzen dutela. Udazkena, elur gehiago dagoenez, askoz ere egokiagoa da zortzimilako hori igotzeko. Baina gailurreria gainditzea zaila da oso. Udaberria, aldiz, lehorragoa da, baina benetako gailurra lortzeko aukera gehiago eskaintzen du. Horregatik guztiagatik, benetako tontorra zapaltzen ez badute ere, ia espedizio guztiek udazkenean jarduten dute.

Nahiz eta Manasluren puntu garaienera ez igo, oraindik ehunka mendizalek Manaslu igo dutela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala jasotzen dute; hain zuzen ere, Nepalek berak banatzen dituenak eta baita Himalayandatabase.com webguneak aipatzen dituenak ere. Aitzitik, azken hauek onartu dute prest daudela aurrerantzean irizpideak aldatzeko.

Duela pare bat urte, ikerketa horren lehen emaitzak zabaldu zirenean, ia 500 mendizalek jaso zuten aipaturiko ziurtagiri hori. Batzuek ez dute aitzakiarik jarri, eta iragarri dute Manaslura itzuliko direla benetako gailurra igotzeko. Beste batzuek, berriz, oraindik ez dute ezer esan. Eta badira, orain arte onartu den “tontor” hori ontzat hartzen dutenak.

Mingma G, protagonista

Udazkenean gaude, eta, hortaz, mendizale ugari hurbildu dira Manaslura; kasik denak, espedizio komertzialen gidaritzapean. Gainera, aurreneko “tontorrak” heldu dira.

Bada, Imagine Nepal agentziaren buru Mingma Gyalje Xerpak gai horretan iritzia eman nahi izan du. Iaz iragarri zuen udazken honetan espedizio bat antolatuko zuela Manasluko benetako gailurra sinatzeko: «Ertz horrek eskaladari zailtasun gehiago gehitzen dio, eta nik, bederen, argi eta garbi dut oso mendizale gutxik lortu dutela emaitza hori. Espedizio komertzial guztiek ez dituzte bezeroak benetako gailurrera eraman; izan ere, oso nahasia eta arriskutsua da. Nire kasuan onartu behar dut Manaslu lautan igo dudala, baina guztietan aurreko muinoan geratu naiz. Beraz, arantza hori kendu nahi dut».

Eta Mingma G goitizenez ezagutzen den alpinista honek, azkenik, arantza hori kentzeko aukera izan berri du. Joan den asteburuan, berak zuzendutako taldeak zortzimilakoa soka finkoekin ekipatzeko lana amaitu zuen. Hori gutxi ez, eta duela egun batzuk gailurra erdietsi du; gainera, muinoak saihestuz eta aldaera berri batetik. Irudi batzuk ateratzeaz gain, gailurraren panoramika bat (360°) jasotzen duen bideo bat grabatu zuen.

Aipatu dugun ikerlan horretan jardun dutenek beren iritzia eman dute; besteak beste, The Himalayan Database-ko Tobias Pantelek: «Irudi horiek guztiak aditu batzuekin partekatu ditut, eta denok bat gatoz gailur hori, Mingma G alpinistak zapaldu duena, benetakoa dela. 2012. urteko udaberriaz geroztik, hots, Guy Cotter-ek benetako gailurra egin zuenetik, orain beste alpinista batzuek lorpen hori egin dute. Alabaina, ez da tontor hori udazkenean igotzen den lehendabiziko aldia. Ohore hori irandar-japoniar espedizio batek du. 1972. urtean, urriaren 12an, Jun Kageyama, JM Assadi eta Pasang Xerpak Manasluko benetako tontorra zapaldu zuten.

Mingma G Xerpak adierazi du garaia dela gai hori ixteko, eta etorkizunean eztabaida gehiago ez sortzeko: «Gailurraren inguruan ez da aitzakiarik gehiago aurkeztu behar. Benetako tontorra igo dugunoi errespetua zor zaigu».