Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Gernikak hankapean erabili du IDK Euskotren

LOINTEK GERNIKA 87

IDK EUSKOTREN 71


Mundu bat dago komunikazioaren eta inkomunikazioaren artean. Lointek Gernika Bizkaiak hankapean erabili zuen IDK Euskotren atzo eguerdian Malosten jokaturiko euskal derbian. Defentsa lanetan komunikazio falta larria nozitu zuen talde donostiarrak, eta makina bat saskiratze erraz lortu zituzten horren kontura gernikarrek. Besagainean kolpe bat hartuta, Bjorklund galdu zuten etxekoek atsedenalditik aurrera, baina kanpoko jaurtiketetako gabeziak barruko jokoaz konpentsatu zituzten.

IDK Euskotrenek, berriz, Mariam Coulibaly faltan bota zuen. Ez omen zen jokalariaren «transferra» iritsi eta jokatu ezinik geratu zen Maliko pibota. Gabezia horren kontura Gernika Bizkaiak abantaila itzela atera zuen.

Aurreneko laurdenetik atera, gainera. Joy Brown eta Harden saiatu ziren bizkaitarren ekimena berdintzen, baina, talde lan apartari esker, Mario Lopezenek 23-14 eraman zuten lehen partziala. Tinara Moore izan zen saskiratzaile onena, 20 puntu sartuta, baina Roundtreeren abiadurak ere sekulako erasana sortu zuen donostiarrengan. Atsedenaldian 45-37 zen jada markagailua.

Agur eta ikusi arte

Derbiaren bigarren erdia 10-2ko partzial batekin hasi zen. Itziar Ariztimuño gidari zela eta Belen Arrojok baloi solte guztiak harrapatzen zituela, talde gernikarrak mila puska egin zuen partida.

Mario Lopezenek 21 punturaino luzatu zuten beren abantaila. IDK Euskotrenek, hiru partidatan hiru porrot pilatuta, komunikazio falta handia du oraindik.