Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Onditz Iturbek eta Aitor Ajuriak lineako euskal txapelak jantzi dituzte

Euskal Herriko bazter ia guztietan bezala, Araian ere, eguraldi oso kaskarra izan zuten atzo. Euria, lainoa eta hotza izan ziren nagusi; mendi tontorretan eta haien ingurumarietan baldintzak are okerragoak izan ziren. Eta egoera horretan, 09:30ean puntuan, Altzania Mendi Klubak antolatutako Mitxarro Bira lasterketari hasiera eman zitzaion. Aurten, gainera, Euskal Mendizale Federazioaren Mendi Lasterketen Euskadiko Txapelketarako baliagarria izan zen proba. Hain zuzen ere, lineako modalitatean.

Jakina, aipatu baldintza txarrok probaren ibilbidean eragin garrantzitsua izan zuten. Denera, Araiako irteera puntuan bildu diren seniorrek 27,5 kilometro eta 1.775 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten. Ohi bezala, puntu garaiena Aratz mendia izan zen.

Eta lasterketa horretan sasoikoenak, edo ibilbidera hobekien moldatu zirenak, Onditz Iturbe eta Aitor Ajuria izan ziren. Bederen, helmugan lehen postuan sailkatu ziren. Emakumezkoetan, Iturbek argi eta garbi erakutsi zuen oso indartsu dagoela, hots, nagusitasun osoarekin gailendu zen. Duela astebete, Gorbeia Suzien proban, bigarren postuan sailkatu zen. Araiako Mitxarro Biran, berriz, lehena izan zen 3:00:58ko denborarekin. Atzoko baldintzak ikusita, harrigarria da oso 2019an Maite Maiorak eginiko errekorra bost minututan hobetu izana. Podiumaren bigarren kutxara promesa mailako Araitz Villa igo zen, bizkaitarrarengandik 14 minutura. Eta hirugarrena Andrea Garay izan zen; Villak baino sei minutu gehiago egin zituen.

Mutiletan, Aitor Ajuriak lasterketa bikaina egin zuen. Promesa kategoriakoa bada ere, seniorren ibilbidean lehiatu zen. 2:29:31ko denborarekin aise irabazi zuen, eta berak ere errekor berria ezarri zuen, 2017ko Aritz Kortabarriaren denbora bi minututan hobetuta. Bigarren eta hirugarren postuen artean soilik segundo bateko aldea izan zen. Borja Zubizarretarentzat izan zen zilarra (2:34:48) eta brontzea Javier Goitiarentzat.