Surflari ernegatua

Tematuta

Astea joan eta astea etorri beti kontu berdinekin nabil, badakit, baina zer egingo diogu ba? Bakoitzak bere harrikadak ditu, eta nik, dagoneko konturatuko zineten moduan, kolpe esanguratsua dut lepo gainean zama handiz daramadan buru handi honetan. Berriz ere euskal surflariek mundu mailan lehiatzeko hautatzen duten banderez arituko naiz, eta baita batzuei zor diegun ustezko errespetuaz ere.

Olinpiar Jokoetan edo ISA erakundeak antolatutako herrialdeen arteko txapelketetan soilik haien selekzioaren bandera ordezka dezakete surflariek, baina WSL zirkuituko txapelketetan norbanakoak hautatzen du nahi duen bandera. Horregatik, ikurrina hautatu duten surflariak lehian ikusten ditudanean itzelezko poza hartzen dut, mundu osoaren aurrean euskaldun gisa agertzen baitira. Esatariek “basque” hitza ahoskatzen duten bakoitzean hunkitu egiten naiz. Ordea, ikur espainola edo frantsesa hautatzen dutenekin lotsatu egiten naiz. Haien hautua errespetatu behar omen da, «izan daitezela nahi dutena». Espainol edo frantses sentitzen diren euskaldunek bandera horiek hautatzea logikoa da, baina nigan kontrako sentimendua eragiten dute.

Naziotasunarekin tematuta jarraitzen dugunoi errespetua eskatzen digute ulertzen ez gaituztenek, batez ere gazteek. Ez gaituzte ulertzen eta ez gaituzte ulertuko, guk haiek ulertzen ez ditugun modu berean, baina zer nahi duzue esatea? Errespetua nahi duenak irabazi dezala. Alegia, eskubideekin bezala da: nahi dituenak betebeharrak ere izango ditu. Ez eskatu niri Espainiaren edo Frantziaren aldeko hautua egin duten euskaldunei gorazarre egiteko, ez behintzat euskaldunok gure aberria ordezkatu ezin dugun bitartean.