GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Asteburu oparoa euskaldunentzat Espainiako Kopan

Andoni Esparta seniorretan, Haizea Oses 18 urtez azpikoetan eta Ainhize Belar 16 urtez azpikoetan nagusitu dira hirugarren eta azken proban.


Eskaladako Espainiako Kopako Bartzelonako eta Madrileko probetan ez bezala, iragan asteburuan Zaragozan jokatutako hirugarren eta azken proban, Euskal Mendizale Federazioaren selekzioak emaitza bikainak erdietsi zituen. Adibidez, denbora asko zeraman senior batek garaipenik erdietsi gabe. Eta hutsune hori Andoni Espartak bete zuen. Bilbotarrarekin batera, beste bi euskal eskalatzaile ere egin ziren lehen postuarekin: Haizea Oses 18 urtez azpikoen mailan eta Ainhize Belar 16 urtez azpikoetan.

FEDMEk antolatutako hirugarren hitzordura, denera, 170 lehiakide hurbildu ziren; gehienak jubenilen kategorikoak. Horrekin esan nahi dugu seniorretan parte hartzaile gutxi izan zirela. Eta hain zuzen ere, kategoria horretan heldu zen lehen euskal garaipena. Felix Obrado, David Gambus eta Carlos Logroñok final oso bereziak ekipatu zituzten. Gizonezkoek, adibidez, mugimendu nahasiak zituen plaka tekniko batean jardun behar izan zuten. Zalantzarik gabe, Esparta estilo horretan bikain moldatu zen: katetik mugimendu bakar batera geratu zen. Guillem Monsech bigarren izan zen, eta Javier Cano hirugarren.

Nesken bidea, bestalde, hasieran teknikoa eta bertikala zen. Amaieran, berriz, erresistentzia eskatzen zuen sekzio bat gainditu behar izan zuten lehiakideek. Tarte horrek erori pixka bat zuen. Bitxia bada ere, lehen hiru sailkatuek top egitea lortu zuten: Maria Benach, Irati Zabala eta Alba Pelfortek. Sailkapenean eginiko postuarengatik, garaipena Benachentzat izan zen. Zabalak bigarren postua lortu zuen, eta Pelfortek hirugarrena.

Harrobia ere bikain

Beste kategorietan ere, Euskal Mendizale Federazioko ordezkariak ez ziren esku hutsik itzuli. 16 urtez azpikoetan, Belarrek sasoiko dagoela erakutsi zuen; atxondarra oso eraginkorra izan zen Zaragozako hitzorduan. Finalerako bidean eginiko lanak lehen postua eman zion. Postu bera sinatu zuen Osesek ere 18 urtez azpikoen kategorian. Mutiletan, berriz, Aimar Uson podiumaren hirugarren kutxara igo zen. Eta Aitziber Urrutia bigarrena izan zen 20 urtez azpikoen kategorian.

Zaragozako hitzorduarekin amaitu zen Eskaladako Espainiako Kopa bera ere. Bada, behin puntu guztiak batu ondoren, sailkapen orokorreko podiumera igo ziren Euskal Mendizale Federazioren selekzioko lau ordezkari. Belar eta Oses zirkuituko erregularrenak izan dira, eta, beraz, behin betiko garaipenarekin egin dira. Seniorretan, berriz, Esparta eta Zabala hirugarren postuan sailkatu dira.