GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Berak hilaren 17an hartuko du Gascan Paris 92 talde frantziarra


Bera Berak atzo jakitera eman zuenez, Paris 92 taldearen aurkako European League txapelketako Q2 kanporaketako lehendabiziko partida hilaren 17an, igandea, jokatuko da Gascan (12,00. ETB1). Itzuliko partida, berriz, Issy les Moulineuxen jokatuko da astebete geroago, hilaren 24an (16.00).

Erronka oso zaila du aurrez aurre Bera Berak, Frantziako Liga indartsuko talde onenetakoa izango baitu aurkari. Paris 92 taldeak jokaturiko lau partidak irabazi ditu Ligan, Bera Berak bezalaxe. Paris 92 taldeak, gainera, fitxaketa aipagarriak egin ditu aurten taldea indartzeko, tartean, Espainiako selekzioaren defentsaren oinarria den Lara Gonzalez. Niombla eskarmentu handiko lehen lerroko jokalaria, Brestetik heldutako Fofana hegalekoa eta Metzetik iritsitako Sajka albokoa ere fitxatu ditu.

Behin datak zehaztuta, Bera Berak Ligako bosgarren eta seigarren jardunaldiko partiden datak aldatu behar izan ditu. Hala, O Porriñon hilaren 13an jokatuko du (20.30) eta Elx hilak 27an hartuko du Gascan (19.00).