GARA
ARRAUNA

Iker Zabala etxera itzuliko da Urdaibaiko entrenatzaile izateko

Behin arraun denboraldia amaituta, bulegoetako lana gori-gorian izan ohi da, azaro aldean taldeak entrenatzen hasi aurretik guztia itxita edukitzeko. Hala, azken asteetan zenbait aldaketa izan dira entrenatzaile postuetan, bai gizonezkoen Eusko Label ligan, bai emakumezkoen Euskotren ligan.

Joan den astean baieztatu zen Iker Zabalak ez duela Santurtzin jarraituko, “Sotera”-rekin sekulako arrakasta lortu ostean. Bi liga eta Kontxako bandera bat irabazi ditu, 2017an gorengo mailara igotzea lortzearekin batera. Bada, astelehen gauean jakinarazi zuen Urdaibaik Zabala bermeotarra etxera itzuliko dela. Bertan arraunlari gisa ibilbide oparoa osatu ostean, orain prestatzaile gisa itzuliko da etxeko taldera.

Erostarbe Tolosaldean

Euskotren ligan, Ramon Erostarbe izango da Tolosaldea taldeko lehen entrenatzailea, Patxi Frances Oriora joan ostean. Erostarbe Francesen laguntzaile aritu da orain arte eta hurrengo udan bera izango da entrenatzaile nagusia.