GARA
LUXENBURGO

100 urteko kartzelari nazia epaituko dute Alemanian

Kontzentrazio eremu batean kartzelazaina zen Josef S. eta, egun 100 urte dituen arren, epailearen aurrera eraman dute gaur. Alemanian nazien krimenengatik epaitzen duten akusatu zaharrena da. Hilaren 19an, 96 urteko idazkari ohi baten aurkako epaiketa hasiko da.

Josef S. Totenkopf (Burezurra) dibisioko brigadierra zen Waffen-SS beldurgarrian, eta Sachsenhauseneko kontzentrazio eremuan «lan» egin zuen, Berlindik gertu, 1942 eta 1945 artean. 3.518 presoren erailketetan «konplize» izatea egotzi diote.

21 urte zituela gerra-preso sobietarrak fusilatzea eta Zyklon B gasarekin eginiko erailketetan lagundu izana leporatzen diote. 1936an zabaldu zenetik 1945eko apirilean Armada Gorriak askatu zuen arte, Sachsenhauseneko kontzentrazio esparrutik 200.000 bat preso igaro ziren, gehienak nazien aurkariak, juduak edo homosexualak. Hamarka mila preso akituta hil ziren, lan behartuen eta atxilotze-baldintza krudelen ondorioz.

Joan den astean, epailearen aurrera eraman behar zuten Irmgard Furchner, 96 urtekoa, nazien kontzentrazio-eremu batean idazkari izan zena. Auzitegira eraman behar zuten egun berean zaharren egoitzatik ihes egin zuen, baina berehala atzeman zuten. Haren aurkako epaiketa urriaren 19ra atzeratu da.

Azken hamar urteotan, Alemaniak SSetako kide izandako lau pertsona epaitu eta zigortu ditu, nazien krimenekin lotuta. Berandu bada ere, biktimei justizia egin zaie.

Josef S.-ri epaileak ez dio leporatzen hilketetan zuzenean parte hartzea eta gutxienez hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak. Zigorra sinbolikoa izango da, hala ere, bere adina aintzat hartuta.

Medikuek prozesua pairatzeko gai dela ondorioztatu dute, eta hogeita bi saio egingo dira urtarrilera arte; horiek egunero gehienez bi ordu iraun beharko dute.

Ezer gutxi jakin da bere bizitzaren inguruan. 1947an aske utzi zuten sobietarrek eta sarrailagile gisa bizimodu apala izan zuen Brandebourgeko landerrean, Berlinetik gertu (Ekialdeko Alemanian).

Gaur arte ez du adierazpenik egin eta abokatuak ez du aurreratu akusatuak bere burua erruduntzat joko duen ala ez.

Justizia eta memoria

79 urteko Antoine Grumbach frantsesak ez du itxaropen handirik, baina Josef S. gutxienez zigortua izatea espero du. Bere aita, De Gaullen erresistentziako gudaria, Sachsenhausenen erail zuten, 1944an.

«Prozesu hauek bereziki garrantzitsuak dira bizirik atera zirenentzat eta ondorengoentzat», azaldu du Stephanie Bohrak, Berlingo Izuaren Topografia Museoko arduradunak.

«Prozesu honen xedea memoria berreskuratzea da», adierazi du Guillaume Mouralis Berlingo Marc Bloch Zentroko arduradunak. «Alemania bateratua bere iragan naziari buruz azkeneraino joateko prest dagoela baieztatzen du; XXI. mende honetan juduen aurkako genozidioaren gogoeta Alemaniaren nortasun nazionalaren ardatz bilakatu dela, hain zuzen».

2020ko uztailean auzitegi batek bi urteko zigorra ezarri zion Stutthof-eko kontzentrazio-eremuan kartzelari izan zen 93 urteko Bruno Deyri.

SSetako beste zortzi kideren kasuak ikertzen ari da Alemaniako Fiskaltza, Nazionalsozialismoaren Krimenak Ikertzeko Bulego Zentralak esan duenez.