EDITORIALA
EDITORIALA

Hitzarmen eredugarria Euskal Herria lantzeko

EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak, UNEDek eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak hitzarmen berri bat sinatu zuten, atzo, Eusko Ikaskuntzarekin. Akordio horren helburuen artean dago euskal kulturaren eta hizkuntzaren ezagutza sustatzeko lankidetza esparrua eratzea. Horretaz gain, hitzarmenean jasota dago lurralde bakoitzak dituen elementu propioen eta guztiek partekatzen dituztenen definizio eta hausnarketa estrategikoa egitea.

Ezbairik gabe, Euskal Herriko zazpi unibertsitateen arteko akordio bat albiste on eta pozgarria da. Izan ere, helburu bateratuak erdiesteko Euskal Herri osoko eragileak biltzen dituzten hitzarmenak ez dira ohikoak zatitutako herri honetan. Eta atzo sinatutako ituna beste eragile batzuentzat eredu bilakatzen bada, jauzi garrantzitsua emango da euskal gizartearen barne egituraketan. Gaur egun Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko ezinbestekoa da lankidetza eratzea esparru guztietan. Horrela soilik bilduko du euskal gizarteak indar eta ezagutza nahikoa XXI. mendeko erronkei aurre egiteko eta bere etorkizunaren jabe egiteko. Ildo horretan, Juan Mari Aburtok aipatu zuen moduan, mugaz gaindiko ekimenek alferrikako oztopoak eta aurreiritziak ezabatzen lagunduko dute eta etorkizunerako ate bilakatuko dira.

Sinadura ekitaldian parte hartu zuten unibertsitateetako ordezkariek, euren hitzaldietan, zientziak eta ezagutzak etorkizun hobea eraikitzeko duten garrantzia azpimarratu zuten. Zalantzarik gabe, zientziak ekarpen oso handia egin dezake esparru horretan. Hala ere, Euskal Herriak badu beste mota bateko defizita: bertako gaien eta herri honen erronken inguruko ikerketa lanak nahiko urriak dira, kasu askotan ikerketaren helburuak eta norabidea kanpoan erabakitzen direlako. Espero dezagun unibertsitateen arteko akordio honek balio izatea, halaber, Euskal Herriak bere erronketan eta bere arazoetan arreta gehiago jarriko duen ikerketa bultzatzeko.