D.L.

«Pandoraren paperek» baldintzatutako bozak Txekian

Txekiar Errepublika hauteskundeetan da gaur (eta atzo), “Pandoraren Paperek” baldintzatu duten kanpainaren ostean.

Andrej Babis lehen ministroak 16 milioi euro ordainduz gaztelu bat erosi zuen 2009an Kosta Urdinean, paradisu fiskal bateko konpainia bat erabiliz.

Hala ere, Babisek «legearen barruan dagoen» operazioa dela adierazi du eta inkestek garailetzat jotzen dute. Hori bai, badirudi zaila izango duela gobernu berria osatzea, bere alderdi populistak (ANO) botoen %27 baino ez dituelako lortuko.

Pandemiaren gestioak –herrialdea mundu osoan kutsatze gehien izan dituztenetako bat da– ez dio inolako kalterik egin, komunikabideak, bere kontrolpean izanik, isilik egon direlako.

Babis komunista izan zen, garai hartako Txekoslovakia sobietarren menpe zegoenean (STB Polizia sekretuko kide izan zela diote askok), baina egun enpresari handia eta txekiar aberatsenen artean bosgarrena da.

Europar Batasunak ez du begi onez ikusten Babisek negozioak eta gobernua partekatzea eta Bruselako dirulaguntzak lapurtzea leporatzen dio, bere enpresa Agrofert-en mesedetan.

Alderdi Komunistaren (KSCM, %6,5) eta CSSD sozialdemokraten (%4,4) babesa izan du bere gobernuak. Milos Zeman presidenteak ere –bera ere komunista izandakoa eta egun Errusiaren eta Txinaren aldekoa– Babis babesten du.

Oposizio bateratua

Inkestek %21,4 ematen diote Spolu kontserbadoreen eta kristau-demokraten koalizioari. Alderdi Pirata eta Alkateen Taldea (STAN) batzen dituen koalizio liberal-progresistak %17,4 eskuratuko luke, kanpaina hasieran faboritoa izan bazen ere.

Horren hautagai Ivan Bartos informatika ingeniaria da, bere rastafari ilearekin. Gobernuak Bartos «neomarxista» dela salatu du eta droga eta familia auzietan «liberalegia» dela dio.

Oposizioko bi koalizio horiek prest dira gobernua osatzeko Babisen aurka, baina ez dirudi nahikoa boto izango dutenik.

Horrela bada, SPD alderdi ultra eta xenofoboak ezinbesteko papera izan lezake. %12 ematen diote japoniar jatorriko enpresaburu Tomio Okamurari. Tokion jaio eta eta turismo arloan aberastu zen, Japoniako turista oldea erakarriz.

Okamurak Babis babestearen truke hainbat erreferendum egitea exijitzen du, EBetik eta NATOtik alde egitekoa, esaterako.

Eliteko polizia ohi batek sortu duen Prisaha alderdiak (%5,7) ere zeresanik izan dezake hauteskundeen biharamunean.

Babisen ANO alderdiak errefuxiatuen aurka egin du eta gasolina- eta gasolio-ibilgailuak mantenduko dituela iragarri du, energia nuklearrekin batera. Energia berriztagarririk ez.