Ane URKIRI ANSOLA
Interview
MAIDER ALTUNA
REALEKO BELAR-HOCKEY TALDEKO JOKALARIA

«Taldea sendotu dugu eta play-offean sartzeko borrokatu gaitezke»

Maider Altunak 13 urte daramatza Ohorezko Mailan jokatzen; DBH 3n egin zuen debuta. Realarekin bi liga irabazi ditu (2013 eta 2018an) eta Europako kluben txapelketan txapeldunorde izatea zer den ere badaki. Hockeyan «disfrutatzeko» jokatzen du eta gozatzen duen bitartean jarraituko du. Erizaina da ogibidez eta lankideekin txandak trukatu behar izaten ditu partidetara iristeko.

Taldeko jokalaririk desorekatzaileena da». Horixe jartzen du Realaren webgunean Maider Altuna deskribatzen duen testuan. Berak ez zekien eta ez du oso kontuan hartzen. 13 urterekin egin zuen debuta belar-hockeyko Ohorezko Mailan. «Hockeya oso mundu txikia da, gure eskolako taldeekin entrenatzen gara eta gero Realeko entrenatzaileak deitzen digu entrenatzen hasteko». Hain sinple deskribatuta, erraza dirudi, baina badira jada 13 urte debut hura egin zuenetik, eta orain, kapitainaren ardura dauka. Gaur laugarren jardunaldia jokatuko dute etxean, Complutenseren aurka, eta bolada onari eutsi nahi diote –partida bat galdu eta beste bi irabazi dituzte–.

Duela hamarkada bat Reala ligako talderik indartsuenetarikoa zen.

Bai, nire lehenengo bospasei urteetan bigarren gelditzen ginen beti. Minutuak jokatzea oso zaila zen, ze talde oso indartsua zen, jokalari asko selekzioekin jokatzen zebiltzan. 

Orain taldeak fitxaketa gutxiago egiten ditu; harrobira begiratu beharrean izaten zarete.

Gutxika-gutxika harrobia sendotzea nahi dugu. Nik hockeyko eskolan ere entrenatzen ditut benjamin eta alebin taldeak –eskola jubenilak arte dago–; bost umerekin hasi ginen eta orain pila bat daude. Horri garrantzia ematea funtsezkoa da, etorkizunean ikusiko da jokalari hobeak egongo direla eta harrobi oparoagoa.

 

Eta, beharbada, trantsizio betean harrapatu zintuzten azken liga garaikurrak eta Europako txapelketako bigarren postuak?

Urte hartan ez geneukan harrobirik, ni nintzen gazteena. Ni eta Nereba [Belzunegi] ginen lehen taldera ailegatu ginen azkenak. Gero, pixkanaka sartu ziren beste batzuk, Maite Telleria, Julene Sanchez eta abar. Horiek jada ni baino hiru urte gazteagoak dira. Belaunaldi batetik bestera jauzi handia dago. Behintzat urtero jokalari bat igotzen baldin bada, ondo dago. Nik uste dut orain harrobi sendoagoa daukagula.

Denboraldi hasiera serioa egin duzue. Zein helburu ditu taldeak?

Aurreko urteko talde kasik berbera daukagu. Entrenatzailea berria da, baina ezagutzen genuen, lehen bigarren entrenatzailea izan baitzen (Ivan Lorente). Aurten atezaina etorri da –Mathilde Petriaux– eta Giuliana [Sofia Ruggieri] aurrelaria. Nik uste dut bi fitxaketekin taldea sendotu egin dugula eta taula erdian borroka gaitezkeela play-offetan sartzeko. Bi garaipen eskuratu ditugu eta gaur Complutenseren aurka nik uste dut partida ona egin dezakegula, ze iaz hemen irabazi genien.

 

Iaz ez zineten sailkatu eta hori ez da gertatu 2008-2009 denboralditik, pandemiak bertan behera utzi zuen denboraldia salbuespen gisara.

Gogorra da, baina badakigu denbora daramagula trantsizio honetan.  Bagenekien liga hasiera txarra egin genuela eta bigarren itzulian egoerari buelta ematea zaila izango zela.

 

Eta horren aurreko denboraldian, azken sailkatuak zineten pandemiak harrapatu gintuenean. Fabore ederra, ezta?

Bai, bai… Hasiera gogorra izan genuen eta hor bukatu zen, eta gaitz erdi! (barrez). Nik uste dut kolpe gogorra izan zela taldearentzat eta horrekin ikasi genuen hasiera hobeak egin behar ditugula, lasai mantentzeko.

 

Aipatu duzu taldeko zaharrena zarela, kapitaina, golegilea azken jardunaldietan… Nola deskribatuko zenuke zure ibilbidea?

Hasierako urteetan taldearen momenturik onenak bizi izan nituen, liga erregularrean lehen postuan egonez, partidak nahi gabe ere irabaziz… Niretzat zaila izan da partida guztiak irabaztetik jaitsiera saihesteko borrokan egotera pasatzea. Gainera, presio hori daukazu, zaharrenetakoa izanda beste guztiei indarra helarazi behar diezula. Nire izaera ez da agintzea eta hori kudeatzea zaila gertatu zait. Nereba [Belzunegi] eta ni nahiko antzekoak gara eta egokitu zaigu beste guztiei bultzada hori ematea.

 

Partida guztiak irabazi, baina gero, play-offetan, Club de Camporekin gurutzatu eta final bat bestearen atzetik galtzea ere gogorra izango zen, ezta?

Bai, eta, gainera, Club de Camporen aurkako partida guztiak izan dira oso markagailu estukoak. Fitxaketa oso onak egin izan ditu, diru asko daukan kluba da eta hori beti igarri izan da. Jokalari guztiek kobratzen dute eta hori igartzen da.

 

Zuek, ordea, Atletico San Sebastianen zelaian entrenatu eta jokatu behar izaten duzue.

Bai, zelai erdian, gainera. Zelai bakarra daukagu eta ez daukagu zelai osoa entrenatzeko. Aspaldidanik aldarrikatzen gabiltzan kontua da. Berez, 2022rako zeukaten adostuta hipodromoan egitea, baina koronabirusa dela- eta atzeratu egingo da.

 

Maite Azkoaga klubaren organigrama barnean egotea garrantzitsua izango da zuentzat, ezta?

Bai, batez ere, zelaiaren kontuan aldarrikatzeko. Ze zelai erdian entrenatzea ez da erreala (barre).

 

Horregatik izan zen hain ezustekoa 2018ko liga txapelketa irabaztea?

Bai, ez geneukan ezer galtzeko. Sekulako poza geneukan, ez genuen sinesten. Ez gara asko sartzen ea aurrekontu gehiago duen talde batek edo besteak, guk jokatzen dugu disfrutatzen dugulako eta kito. Batzuetan Realeko taldea gara, baina aparteko sekzio bateko taldea garela dirudi. Arropa dela-eta ere borrokatu beharra dugu.