Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Martin Urrutiak harramazka egin dio9a mailako bide bati

Iragan irailaren 23an, 21 urteko eskalatzaile elorriarrak «Menage a Trois» bidearen lehen igoera erdietsizuen. Araotzeko Korea sektorean dago, eta hiru bideren konbinazioa da. Iturriaren ustez 9a txiki bat da.

Martin Urrutia ibilbide polita egiten ari da bederatzigarren esferan eta inguruko zailtasunean. Duela pare bat urte, 21 urteko eskalatzaile elorriarrak aukera izan zuen bere lehenbiziko 9a mailako bide bat egiteko: “Psikoterapia” (Gaubea). Sagastan, berriz, “4x4 marra (8c+/9a) sinatu du, eta joan den uztailean, Gaubean ere, “Skin dead” (8c) egunean egiteko gai izan zen.

Bide horiek biribildu eta gero, Urrutiak berak onartu zigun gogo handiz zegoela beste estilo bateko bideak probatzeko. Gaubeako marrek indar erresistentzia eskatzen dute, eta, estilo hori erabat alboratu gabe, aipatu zigun Araotz bisitatuko zuela: «Ohiko nire estilotik irteten diren bideak hautatu ditut; teknika, helduleku eta behar berrietan murgilduz. Apurka-apurka marra horiekin gehiago ikasten eta haien edertasuna bilatzen ari naiz».

Bisitatzeaz gain, elorriarrak proiektu batean buru-belarri jardun du. “Menage a Trois” bideari buruz ari gatzaizkizue. Bada, iragan irailaren 23an lehen igoera egin zuen. Bide horretatik jaitsi eta zailtasunaren inguruan proposamena egin behar zuen. Urrutiak dio 9a txiki bat izan daitekeela: «Maila horretan ez dut eskarmentu handirik; hortaz, ‘Menage a Trois’ errepikatzeko aukera izango duten hurrengo eskalatzaileek baieztatuko dute zailtasun hori duen ala ez».

Konbinazioa

Araotzeko Korea sektorean, beraz, Urrutiak beste urrats bat egin du bederatzigarren esferan; gainera, bide berri baten lehen igoera lortu du. Berez, “Menage a Trois” hiru bideren konbinazio bat da. Lerrotako protagonistak aipatu digunez, Ander Lasagabasterri otu zitzaion “Koldoren Mundua” (8c/+), “Simonides” (8b+) eta “Tsunami” (8c) bideen tarte gogorrenak lotzea.

Hain zuzen ere, Lasagabasterrek berak animatu zuen xede horretan sartzera: «Uztailaren azken astean proposamen berriaren pausoak probatu nituen. Anderrek marra hau ikusi eta pare bat txapa jarri zituen hiru marren konbinazioa lortu ahal izateko. Ondoren, Ceusen eskalatzen egon nintzen, eta abuztuaren erdialdean berriro itzuli nintzen. Bustita zegoenez, hiru astez ezin izan nuen probatu. Irailaren 23an, berriz, katera erorikorik gabe heltzea lortu nuen».

Urrutiak jarduera horretan izan duen eskarmentuaren arabera, “Menage a Trois”-en giltza “Koldoren Mundua” “Simonides”-ekin lotzea da.